2009/03/15

Euskal Herria berraurkitzen

Oteizak esaten zuen Euskal Herria maitatzeko bere herri guztiak ezagutu eta maitatu behar zirela. Eta bueltaka hasi naiz Atxagaren hitzen inguruan, euskal hiriaz ari zela. Bere euskal hiri horretan egongo omen da auzo bat euskaraz hitz egingo duena. Ideia horrek inplizituki dakarren ghettoratzearen ideiak izutzen nau batez ere. 

Egia da Euskal Herriaren historiari so egiten badiogu inoiz ez dela hizkuntza bakar bat egon gure lurraldean. Beti egon da hizkuntzen nahasketa ederra, elkarbizitza onuragarria: dela latina, dela arabiera, direla erromantzeak orokorrean. Azken mendeetan gaztelaniarekin eta frantsesarekin egoera goitik behera aldatu da, hala ere. Badira datuak bere horretan hitz egiten dutenak. XIX. mendearen bukaeran Gipuzkoan %90ek hitz egiten omen zuten euskaraz. XX. mende nahasiaren akaberan, aldiz, %50ek, gutxi gorabehera. Zer esanik ez Euskal Herriko beste lurralde batzuetan. 



Euskal Herriaren euskalduntzeari uko egiteak zer esanahi izan dezake, beraz? Ontzat ematea patuaren keriak? Txikiak desagertu behar duela dioen darwinismo zitala onartzea? 



Darwinek oso kritikari zorrotza izan zuen, Piotr Kropotkin errusiarra. Darwinismoaren tesi nagusiei zuzenean kontra egin zien, eta ezetz esan zuen, naturan ez dutela indartsuenek aurrera egiten, euren artean hobekien elkarlanean dabiltzanek baizik. Ez zuen erabat okertzat eman nahi izan Darwinen teoria osoa, baina kritika zorrotza egin zion, indartsuenen arteko lehiaren irudi beldurgarri horri xehetasun eta ñabardura galantak eginez. Hortaz, Elkar-laguntza, eboluzioaren faktore bat maisulana idatzi zuen 1902an. 



Euskal Herrian elkar-laguntzaren sen sakona daukagu, gure historia osoan zehar agerkari zabalak izan dituena, auzolanetik hasi eta herri-bizitzaren atal guztiak ukitu dituena. Kropotkinen teoriek nonbait indar berezia hartzen badute, hemen Euskal Herrian da, nik uste. 

Pasa dira dozenaka herri gure ondotik, indoeuroparretatik hasi eta latinoak, arabiarrak, frankoak... Batzuk gainean ere izan ditugu, gainazalera burua ateratzen utzi ez diguten izotzezko harlauzak ezarri dituztenak gure aintzira txikian. 

Baina euskaldunok beti egin dugu aurrera, gure hizkuntza elkarlanerako tresna eta lanabes nagusi gisa hartuz. 



Sakabanaketa/batasun dikotomia horretan, hainbat euskalki sortu dira, hainbat herrialde, hainbat historia ibilbide, hainbat marko. Baina euskaldunak jakin izan du batasunaren unea begiztatzen, batasunerako deia zabaltzen egoeraren larritasunean, elkarlanaren sena berpizten handitasun handi-mandiei aurre egiteko. Eta hor dago bere iraun-bizitzearen arrakasta.



Egun globalizazioa dago mundu zabalean indarrean, dakarren deserrotze eta homogeneizazio prozesu zitala gertu-gertutik sumatzen dugula. Estatuek ere nahas-mahas horretan beren esparruak indartu eta sendotzeko asmoari ekin diote. 

Euskal Herria berraurkitzea da oraingo erronka, beti bila eta bila ibiltzearen poderioz labirintoetan galdu baino lehen. Euskal Herria bere herri eta auzo bakoitzean, bere euskalki bakoitzean, bere buru eta aburu bakoitzean, bere ñabardura bakoitzean berraurkitu, elkarlanaren bidezidorretik batasunera bidean.