2007/02/28

Poema omenaldiak 1: remigio mendiburu

Pentsamenduak betetzen duen lanaren bitartez,
lanak betetzen duen pentsamenduaren bitartez,
zuhaitza biluzten da,
gizakia biluzten delarik berarekin.

Eskulturak bete baitan denbora jasotzen du,
ikustezin bihurtzen du, harrapa-ezin,
bere barruan denbora babestuaz,
kanpoak ezin ustel dezakeen
betirako-tasunean.

Zuhaitz puska biluziek
euren sustrai, enbor eta adarrekin
osotasun trinkoak osatzen dituzte.
Zerurantz eskapo egiten duten
egur osotasunak.

Azkenean
Zuhaitza ta Gizakia:
bi
izate
bat
eginez.

2007/02/26

poema esperimentuak 2: dantza satanak

Sar bedi Beltzebu, bere aholkularia atzetik duela.

-Jaun horrek hainbeste jarraitzaile ditu munduan, ez dugula gure gaiztakeriekin ohiartzun egiterik!

-Horixe! Egun dauden gaiztoak ni baino ehun mila bider gaiztoagoak dituk.

-Boteretsuagoak eta gaiztakeria egiten iaioagoak.

-Begira bestela uranio pobretuarekin egiten dutena... milaka urtetarako uzten dituzte euren krudelkeriaren seinaliak...

-Haur itxuraldatuak, minbiziak, ...

-Lanbide berri baten bila hasi beharko gera!

-Mundu honetan soberan gaude!


Dantza satanak dantzatzen dituzte. Galaxia berri batera erbesteratzen dute euren burua.

2007/02/19

Poema-esperimentuak 1: Nere aitaren etxea

Nere aitaren etxea suak kixkali egin du.

Jada ez dago ilargia ikustea eragozten didan deus.




Oharra: poema hau gabriel aresti eta haiku txinatar baten nahasketatik sortzen da.

2007/02/14

Nerabeak Pragako udaberrian

Nerabeak gara

Pragako udaberrian.

Nerabeak tankeen aurrean

izterrak erakusten.

Nerabeak minigonak jantzita

suntsidura armen jabeei lizun begiratuz.


Errusiar soldaduek diote

tankeetan gotortuta,

“negua dakarkizuegu”.

Txekoeslobakiar nerabeek

minigonetan loratuak,

“bost axola, jaioko dira udaberri berriak”.

2007/02/13

Poema laburrak 3: poema geologikoa

Behin galdetu zion Afrikak Hego Amerikari… ba al zoaz?




Azalpen txiki bat:

Poema hau ulertzeko koxka, nahiz eta bakoitzak bere erara uler dezakeen, hontan datza: garai batean hego amerika eta afrika pangea delako kontinente zabalean elkartuta zeuden. Poliki-poliki, hego amerika afrikatik bereizten joan da, ipar amerika eta islandia europatik aldentzen joan diren bezela. Poema honen bitartez beste denbora batean kokatu dut milloika urteko planoan kokatutako gertaera, pertsonen arteko elkarrizketa baten planoan jarriz.

2007/02/11

Poema laburrak 2: poema fraktala

Ezdeustasunaren agerpen maratzak
izaten dira onenak…
anabasaren erdian beti
baitago aukera
unegunea birsortzeko.

2007/02/08

poema laburrak 1: Bularpeko arkeologia lanak

Bularpeko arkeologia lanak.

Ez gelditu hesiaren ondoan.

2007/02/07

Poema laburraren alde

Poesia askotan kantu epiko nahiz liriko luzeekin lotu izan da. Prosarekiko dependentziaz edo, poesiak testu luzeetara jo du, obra osatu, luze eta borobilak egitera. Hainbat tradiziok aldiz, poesiaren xarma txikitasunean ikusten dute. Ideia txukun eta zehatz bat aurkezteko ziztada gisakoa litzateke poema tradiziootan. Hor dauzkagu asiar tradiozioko poema txikiak, haikuak, askotan horren misteriotsu eta eraberean sakonak.

Euskal tradizioari begira, hor daukagu kopla zaharraren eredua, askotan sarrerako bi bertsokin gaiaren funts guztia azaltzen dutenak. Oso interesgarria iruditzen zait eta erabat gomendagarria Manuel Lekuonaren “Euskal ahozko literatura” liburu mardula. Bertan ideia interesgarriak daude kopla zaharrean irudi poetikoak lantzeko moduaren inguruan. Gerora gure Oteizak ideia guztiok garatu eta kopla zaharraren eta bertsolaritzaren teknika fotografikoaz hitzegin zigun. Nola bizpahiru hitz erabilita bertsolariak egoera oso bat sortzen zuen, logikari ez baizik eta ikusmenaren gaitasunari erreferentzia egiten ziona, ikusmenaren arloan askotan ere dualitateak edo antitesiak planteiatuz.

“Altzak ez du bihotzik ez gaztanberak hezurrik enian uste erraiten ziela aitunensemeek gezurrik”. Adibide honetan poetak logiko-ez logikoaren arteko dialektika planteiatzen du.

Dut taldearen letra batean eta teknika hauei jarraituz honako metafora erabili nuen “Petrolio ere” kantuan: “gasolindegi argitan irrifarreak iragarkitan/hilotzak hotzak hondartzan ahazturaren ilargitan”. Bertan ikusmenaren bitartezko pentsamenduari egiten zaio tartea, bizi dugun kultura telebisiboan erabateko gaurkotasuna baitute teknikaok. Askok esaten dute XX. mendea ikusmenaren mendea izan dela, eta irudien kulturan bizi garela. Tradiziotik edatea egungo erronka poetikoei aurre egiteko bidea delakoan nago beraz.

Poema laburraren alde egiteaz gain, poema laburrek barne koherentzia eta indar poetikoa izan behar dutela argi dago, eta euskal tradizioan lan honi ekiteko zenbait tresna eta eredu interesgarri ditugu.

Tradizioaren haritik tiraka zenbait bertso berri

Munduaz zenbait bertso (santa ageda doinuarekin).

Zorion munduontako denoi
oles egitera nator
gogorik-gogo hizkuntza zahar hau
hemen berritzeko asmoz.
Ez nago oso aberats diruz
ezta ere oinetakoz,
baina eztarriz sano nabila
ta kanta nahi dut gogoz.

Mundu honetako egoera
ez da batere zuzena,
armak dabiltza alderik-alde
bizipoza xehetu nahian.
Hala gertatzen da Irak-en,
baita ere Palestinan,
ta industri militarrak dabiltza
negozioa hedatu nahian.

Gizakiak berezko ote du
gerrarako grina latza
ala gizonak testosteronak
aztoratuta dabiltza?
Emakumeen kontrakoa da
askotan haien keria
klitorisaren ablazioan
edo etxeko egongelan.

Luiziak, ekaitzak, trumoiak,
lurrikarak, eurijasak,
badirudi natura bera ere
gure kontran jarri dela.
Ez al da izango eguratsean
botatako kaka pila?
Ama-lur pazientzi handikoa
gutaz nazkatu egin da.

Lehenago Zeutatik Melillara
orain kanariar irlara,
Afrikako lagun beltzaranak
paradisu bila doaz,
geroz eta gehiago dira
gurera badatozenak
aberasten gaituzte haien lanakin
ta kulturarekin zer esan!

Badirudi teknologia(re)kin
goia jo degula jada,
mundu bazter batetik bestera
komunikatzen gara ta,
ez al degu galdu gaitasuna
gero buruz burukoan,
puntutik punturako distantzian
zuzena dela luzeena.

Erostearen kulturarekin
aldatuz doaz ohiturak,
ez dut esaten txarra berez denik
baina sortzen zait zalantza,
auto, etxe ta hamaika gauza
salmentaren erreinua
gainazaleko eraberriketak
barnearena al dakar?

Gazte asko gaude oraindikan
etxetik ezin atera,
lanpostu duin bat lortzekotan
hamaika txar hartu behar,
bitartean betetzen doaz
handimandien patrikak,
euroaren belaunaldiak
gizarte hontan jai dauka.


Hirietako bizimodua
ari zaigu nagusitzen,
porlanezko eskultura legez
aran-mendiak betetzen,
geldituko al zaigu puska bat
paseatzeko bederen,
autoen kea arnastu gabe
disfrutatzeko ibiltzen.

Ezdeustasuna zabaltzen doa
ez nuke nahi izan baina
ezkorkeriaren amaraunean
hartutako inozoa,
badira gauza asko egiteko
altxa dezagun burua,
eskua zabalduz eta gogoak
elkarri elikatuaz.

Izan dadila mundu berri bat
gure dohaien izpilu,
ez gaitz guztien nahasketatikan
sortutako erretratu,
herri guztien ondare onen
benetazko gordailu,
egun berri horren ortzadarrak
laister atera behar du.

Zoriontasunaren dosiak
denon artean banatuz,
gizakien arteko arazoak
hitzen bitartez konponduz,
ama-lurraren ongizatea
modu ausartaz hobetuz,
lan haundia daukagu egiteko
ta beraz lanari lotu.

EUSKAL POESIA BLAGA BLOGERA ONGIETORRIA

poesia funts, poesia mami, poesia iratzargailu, poesia opiobelar lasaigarri, poesia segunduen joan-etorrien testigantza, poesia gure eguneroko ogi papurren eta amets apurren izendatzaile komun txikiena..... ONGI ETORRI NAHI DUEN ORO POESIA TXOKO HONETARA.