2007/02/07

Poema laburraren alde

Poesia askotan kantu epiko nahiz liriko luzeekin lotu izan da. Prosarekiko dependentziaz edo, poesiak testu luzeetara jo du, obra osatu, luze eta borobilak egitera. Hainbat tradiziok aldiz, poesiaren xarma txikitasunean ikusten dute. Ideia txukun eta zehatz bat aurkezteko ziztada gisakoa litzateke poema tradiziootan. Hor dauzkagu asiar tradiozioko poema txikiak, haikuak, askotan horren misteriotsu eta eraberean sakonak.

Euskal tradizioari begira, hor daukagu kopla zaharraren eredua, askotan sarrerako bi bertsokin gaiaren funts guztia azaltzen dutenak. Oso interesgarria iruditzen zait eta erabat gomendagarria Manuel Lekuonaren “Euskal ahozko literatura” liburu mardula. Bertan ideia interesgarriak daude kopla zaharrean irudi poetikoak lantzeko moduaren inguruan. Gerora gure Oteizak ideia guztiok garatu eta kopla zaharraren eta bertsolaritzaren teknika fotografikoaz hitzegin zigun. Nola bizpahiru hitz erabilita bertsolariak egoera oso bat sortzen zuen, logikari ez baizik eta ikusmenaren gaitasunari erreferentzia egiten ziona, ikusmenaren arloan askotan ere dualitateak edo antitesiak planteiatuz.

“Altzak ez du bihotzik ez gaztanberak hezurrik enian uste erraiten ziela aitunensemeek gezurrik”. Adibide honetan poetak logiko-ez logikoaren arteko dialektika planteiatzen du.

Dut taldearen letra batean eta teknika hauei jarraituz honako metafora erabili nuen “Petrolio ere” kantuan: “gasolindegi argitan irrifarreak iragarkitan/hilotzak hotzak hondartzan ahazturaren ilargitan”. Bertan ikusmenaren bitartezko pentsamenduari egiten zaio tartea, bizi dugun kultura telebisiboan erabateko gaurkotasuna baitute teknikaok. Askok esaten dute XX. mendea ikusmenaren mendea izan dela, eta irudien kulturan bizi garela. Tradiziotik edatea egungo erronka poetikoei aurre egiteko bidea delakoan nago beraz.

Poema laburraren alde egiteaz gain, poema laburrek barne koherentzia eta indar poetikoa izan behar dutela argi dago, eta euskal tradizioan lan honi ekiteko zenbait tresna eta eredu interesgarri ditugu.