2009/01/28

Liburua


Liburua

libelula burua

amets hegalaria

liburua

basoaren ulua

hitzaren erreinua

liburua

papiro larruts nahiz harri landuan

paper nahiz isurkin digitalizatuan

liburua...

hortan dut burua

Argia eta itzala


Itzala eman nahi duenak
argia hartu behar du

gabriel aresti

2009/01/27

Euskal harria Gabriel Aresti

Zer berri esan daiteke Gabriel Arestiren inguruan. Soilik bere poemetaz gozatu:

Homero bezain haundia izan nahi nuke
erromatarren mintzaeran esateko;
horiek ere gizonak eta nire anaiak dira;
azalezko kantu arin hau.

Bihotzak eta eskuek batera lantzen dutela,
nire bizitza erromesa amestu ohi dut,
Hau da maitasuna, jauna! Amets ederrak!
Zuek beti izanen zarete niretzat lehena.

Ez nire aberria, eztare Jainkoa. Agian bakarrik
zakur bat, haur bat, eguzkirik gabeko barakuilu bat edo
beti gauza emazurtz eta alargunak. Zuek

nire haurtzaro ilargiztatuaren alabok,
inoiz ez duzue jakinen zer zen gertatu
nire lur errearen atzean.

2009/01/26

Atlantida ta euskaldunak


Asko hitzegin da Atlantidaz. Mitoa ala errealitatea? esaten zuen Rezanov-ek bere liburu famatu batean. Historialari gisa, beti interesatu izan zait mitologia. Bide horretan, liburu txiki ta mamitsu bat eskuratu nuen aspaldi, Joan Inazio Hartsuaga-ren "Jentilen Akabera" (antropologiaren euskal bilduma 11-kriseilu argitaletxea). Pista ugari ematen ditu, eta batezere mitologia sistematikoki aztertzeko bide interesgarriak eskeintzen ditu.

Jentilen akabera mitoa oso errotua egon da Euskal Herrian. Bertsio ugari gordetzen ziren oraindik ahozkotasunak indarra zuenean
(kate batzuk bai eten dira...!) eta eskerrak Barandiaran, Azkue eta beste zenbait jakintsuri guregana iritsi dira.

Honela dio bertsio batek:

Artaldeak Aralarko mendebaldeko larretan zeuzkaten artzai batzuk 1917garren urtean, zera kontatu zidaten, aspaldi aspaldian, jentilak dantza eta jolasean arituz Argaintzabaletako zelaian bildurik zeudela, iparretik, haien gainera zetorren laino misteriotsu bat agertu zela. Jentilek, izuturik, ihesari ekin zioten Intzensao deritzan baso batean zehar. Arraztaran-era heldu zirenean, gaur oraindik bertan dagoen eta Jentilarri deritzan harripila baten azpira sartu ziren. Bertan geratu ziren betirako lurperaturik.

Askotan lotu izan da Jentilen akaberaren mitoa kristautasunaren etorrerarekin, baina Hartsuagak maisuki erakusten du bertsio horrek sakoneko beste mito zaharrago bat daukala mamian. Izan ere, berak dio mitoak geruzaz geruza aztertu behar direla, eta mitologia konparaketatik mito zaharraren muinera iritsi gaitezkela.

Hortaz, Hartsuaga-ren lanak bide ematen digu pentsatzeko jentilen akabera-k hondamendi natural haundi bat izan zuela bere jatorrian kontakizun. Hodei edo laino misteriotsu bat iritsi zela, eta harekin batera hondamendia.

Nire gaitasun murritzetik eta irakurgai hauek tarteko, eskutara iritsi zitzaidan Gaiak argitaletxeko "Atlantida: egia ala mitoa?". Bertan Rezanov jaunak Atlantidaren mitoa hondamendi natural batekin erkatzen zuen. Hau da, bere tesiaren arabera, soilik hondamendi natural haundi batek ekar zezakeen atlantidaren mitoaren atzean legokeen jatorrizko gertakizuna.

Rezanov-ek data bat jartzen zion jazoera hari: atlantidako hondamendia 1628. urtean Kristo Aurretik gertatu zen, Santorini irlan sumendi batek leher egin eta bertako irla hondoratu zelarik. Hondamendi honek maremoto eta laino masa ilunak eragin zituen mediterranear kostalde guztietan.

Esan dut nire gaitasunak apalak direla, baina atrebentzia sortu zitzaidan bi ikerbide horiek lotzeko, eta jakinik Rezanov-ek esaten zuela europar herri askotan gordetzen zirela kontakizun zahar haren bertsio desberdinak, nire buruari galdetzen hasi nintzen ez ote zen gertakizun berbera izango, hau da: hondamendi natural bat, hodei eta laino ilunak, kultura zahar baten gainbehera, eta gertakizun haien bertsio desberdinak europar herrietan barrena.

Hari solte ugari daude inguruan, baina euskararen historian ere badauka zeresana ikerbide honek. Euskara kultura magdelaniarretik dator, edo saharako neolitiko-ko herrien etorreratik? Edo egon zen elkarbizitza bat magdaleniar jatorriko herri haiek (Jentilak?) eta sahariar jatorriko abeltzain kulturaren artean? Eta zeinek ekarri zion euskara zeini? Edo mistura hartan sortu ahal zen euskara? Hausnar dezagun... hausnar dezagun...

Bide hauek guztiek bategingo balute edukiko genuke behintzat nondik hasi: jentilen akaberaren jatorrizko gertakizuna datatuta egongo litzateke.

HORREK ESAN NAHIKO LUKE EUSKARAREN BAITAN MEMORIA GORDE DELA DUELA 3.600 URTE GERTATUTAKO JAZOERAZ. Hau da, mitoa DATATZE bidean egongo litzateke. Abiapuntu polita litzateke.

Azken gauza bat. Klima aldaketaren auzia egun puri-purian dago.

Atlantidaren mitoak izpilu aurrean jartzen gaitu...

zer gerta daitekeen amalurra gaizki tratatzen badugu....

Otalorearen bidea



Otalorea, taloa ta balorea

bidexidor malkartsua

ataka ugari

ta zelai hesituak


Otalorea, taloa ta balorea

karakola ta barea

basoaren iluna ta

gailurraren dizdira


Otalorea, taloa ta balorea

anfora hautsia

zatiak

ta koloreak


buruak

aburuak

eskuak

eskualdeak

begiak

abegiak

herriak

ta aberriak


Otalorea, taloa ta balorea

2009/01/20

SATARKA hondarribiako olerkaria

Klaudio Sagarzazu "Satarka" (1895-1971) Hondarribiak emandako olerkari-poeta haundia izan zen. 2 liburu argitaratu zituen bizi-artean, Txinpartak (1922) eta Intza begietan (1957). Gerora hondarribiko udalak Ezti-tantak (1996) argitaratu zion, jaiotzaren ehungarren urtemugaren ospakizunen karietara.

Olerkari herrikoi eta sentibera zen, metafora sotilen zalea, eta ezagutza haundia lortu zuen, batezere lehiaketa ugaritan saritua izan zelako. Bere poesia oso lotua zegoen naturarekin: lore, txori eta urtaroei abestu zien.

1919an hasi zen poemak idazten, han hemenka argitara emanez. Jakintsu desberdinek Xabier Lizardiren bidean kokatzen dute, bere gaiak eta poesiaren soiltasunari erreparatuz. Hondarribi inguruko jendeari, gainera, oso atsegina egingo zaigu gure hitzak erabiltzen dituelako, eta hondarribiko esapideak.


UDABERRIKO GAUEAN

Udaberriko
gau zoragarrian,
lagunik gabe
Ai! bakar-bakarrik
zelaian nago,
loretxo-artean.

Ortze ederrean
illargi betea...
illargiaren
ondoan izarrak...
udaberriko
gau zoragarria!

Udaberriko
gau zoragarrian
ortze ederrean
egon nahi nuke nik
ilargiaren
urbil, izarrak lez.

Mendi-aldetik
samur dator ura,
ta zubiaren
azpitik dijoa,
guztiz urruti...
aruntz, itsasora.

2009/01/15

Euskal Herria aurkitzen

Oteizak esaten zuen Euskal Herria maitatzeko bere herri guztiak ezagutu eta maitatu behar zirela. Eta bueltaka hasi naiz Atxagaren hitzen inguruan, Euskal hiriaz ari zela. Bere euskal hiri horretan egongo omen zen auzo bat euskaraz hitzegingo zuena. Ideia horrek inplizituki dakarren ghettoratzearen ideia horrek izutzen nau batezere. Egia da Euskal Herriaren historiari so egiten badiogu inoiz ez dela hizkuntza bakar bat egon gure lurraldean. Beti egon da hizkuntza mistura ederra, elkarbizitza, dela latina, gaskoia, okzitanera, erromantzeak orokorrean, arabiera... eta azken mendeetan gaztelera eta frantsesa. Baina badira datuak bere hortan hitzegiten dutenak. XIX. mendearen bukaeran Gipuzkoan ehuneko 90ak hitzegiten omen zuen euskaraz. XX. mende nahasiaren akaberan, aldiz, ehuneko 50ak, guttigottibetti. Zer esanik ez Euskal Herriko beste alde batzuetan.

Euskal Herriaren euskalduntzeari uko egiteak zer esanahi izan dezake beraz? Ontzat ematea patuaren keriak? Txikiak desagertu behar duelaren darwinismo zitala onartu?

Darwinek izan zuen kritikari oso zorrotza, Piotr Kropotkin errusiarra. Darwinismoaren tesi nagusiei zuzenean erasotu zien, eta ezetz esan zuen, naturan ez dutela indartsuenek aurrera egiten, euren artean hobekien elkarlanean dabiltzanek baino. Etzuen erabat okertzat eman nahi izan Darwinen teoria, baina kritika zorrotza egin zion, indartsuen arteko lehiaren irudi beldurgarri horri xehetasun eta ñabardura galantak egiten. Hortaz "Elkar-laguntza, eboluzioaren faktore bat" idatzi zuen 1902an.

Euskal Herrian elkar-laguntzaren sena sakona daukagu, gure historia osoan zehar agerkari zabalak izan dituena, auzolanetik hasi eta herri-bizitzaren atal guztiak ikutu dituena. Nonbait Kropotkinen teoriek indar berezia badute, hemen Euskal Herrian da, nik uste.

Pasa dira dozenaka herri gure ondotik, indoeuropearretatik hasi eta latinoak, arabiarrak, frankoak.... Batzuk ere gainean izan ditugu, gainazalera burua ateratzen ukatu diguten izotzezko hormak ezarri dituztenak gure aintzira txikian. Baina euskaldunok beti egin dugu aurrera, hizkuntza elkarlanerako tresna eta lanabes nagusi gisa hartuaz.

Sakabanaketa/batasun dikotomia horretan, euskalki desberdinak sortu dira, herrialde desberdinak, historia ibilbide desberdinak, marko desberdinak. Baina euskaldungoak jakin izan du batasunaren unea begiztatzen, batasunerako deia zabaltzen egoeraren larritasunean, elkar-lanaren sena berpizten haunditasun handimandiei aurre egiteko. Eta hor dago bere arrakasta.

Egun globalizazioa dago mundu zabalean indarrean, dakarren deserrotze eta homogeneizazio prozesu zitala gertu-gertutik somatzen dugula. Estatuek ere nahas-mahas horretan beraien esparruak indartu eta sendotzeko asmoari ekin diote.

Euskal Herria aurkitzea da oraingo erronka, beti bila eta bila ibiltzearen poderioz laberintotan galdu baino lehen. Euskal Herria bere herri bakoitzean, bere euskalki bakoitzean, bere aburu bakoitzean, bere ñabardura bakoitzean aurkitu, elkar-lanaren bidexidorretik batasunera bidean.

2009/01/12

D3M


3 milioi.

43 eskualde.

683 udalerri.

6 euskalki.

herri bat

2009/01/06

Izan ala ez izan..that is the reverberation (porra elektorala)

Gustora irakurri diot Pello Urzelairi "Izan edo ez izan" bloga, (hemen irakurri). Laburbiltzearren, bere ideia nagusiak hauek dira:

1. Bi gako nagusik baldintzatuko dituzte martxoaren 1eko hauteskundeak: indar sakabanaketa eta noraeza politikoa.

2. PNV/PSE... bi hautagai hauen inguruko polarizazioa indartuko da, gainerako aukeren kaltetan.

3. EAk, Aralarrek eta Ezker Batuak elkar neutralizatzeko arriskua dute

4. Ezker abertzalea ahaleginduko da Alderdien Legeak ezarritako bazterketa gainditzen, baina inoiz baino zailago du, Espainiako Gobernuak erabakita baitu espazio politikorik ez uztea eta bide polizialarekin estutzen jarraitzea

PORRA ELEKTORALA
Etxekoek porra bat egin berri dugu hauteskundeen inguruan, ta kuriosoa da nola bakoitzaren nahiak eta beldurrak ateratzen diren holako porra batetan. Esango nuke orokorrean ez daukagula dudarik EAJ irabaziko dituela hauteskundeak. Bestetik, bakarra nahiz uste duena ezker abertzaleak aurkezterik izango duela, gainera bozka kopuru onarekin. Gero, etxean nahiko batera jarri dugu EAk ez duela marka makala egingo.

Norbait animatu ezkero beste bat egitera, hau da nire porra elektorala.

EAJ 25
PSE 20
PP 12
D3M 10
EA 5
EB 2
ARALAR 1