2009/01/15

Euskal Herria aurkitzen

Oteizak esaten zuen Euskal Herria maitatzeko bere herri guztiak ezagutu eta maitatu behar zirela. Eta bueltaka hasi naiz Atxagaren hitzen inguruan, Euskal hiriaz ari zela. Bere euskal hiri horretan egongo omen zen auzo bat euskaraz hitzegingo zuena. Ideia horrek inplizituki dakarren ghettoratzearen ideia horrek izutzen nau batezere. Egia da Euskal Herriaren historiari so egiten badiogu inoiz ez dela hizkuntza bakar bat egon gure lurraldean. Beti egon da hizkuntza mistura ederra, elkarbizitza, dela latina, gaskoia, okzitanera, erromantzeak orokorrean, arabiera... eta azken mendeetan gaztelera eta frantsesa. Baina badira datuak bere hortan hitzegiten dutenak. XIX. mendearen bukaeran Gipuzkoan ehuneko 90ak hitzegiten omen zuen euskaraz. XX. mende nahasiaren akaberan, aldiz, ehuneko 50ak, guttigottibetti. Zer esanik ez Euskal Herriko beste alde batzuetan.

Euskal Herriaren euskalduntzeari uko egiteak zer esanahi izan dezake beraz? Ontzat ematea patuaren keriak? Txikiak desagertu behar duelaren darwinismo zitala onartu?

Darwinek izan zuen kritikari oso zorrotza, Piotr Kropotkin errusiarra. Darwinismoaren tesi nagusiei zuzenean erasotu zien, eta ezetz esan zuen, naturan ez dutela indartsuenek aurrera egiten, euren artean hobekien elkarlanean dabiltzanek baino. Etzuen erabat okertzat eman nahi izan Darwinen teoria, baina kritika zorrotza egin zion, indartsuen arteko lehiaren irudi beldurgarri horri xehetasun eta ñabardura galantak egiten. Hortaz "Elkar-laguntza, eboluzioaren faktore bat" idatzi zuen 1902an.

Euskal Herrian elkar-laguntzaren sena sakona daukagu, gure historia osoan zehar agerkari zabalak izan dituena, auzolanetik hasi eta herri-bizitzaren atal guztiak ikutu dituena. Nonbait Kropotkinen teoriek indar berezia badute, hemen Euskal Herrian da, nik uste.

Pasa dira dozenaka herri gure ondotik, indoeuropearretatik hasi eta latinoak, arabiarrak, frankoak.... Batzuk ere gainean izan ditugu, gainazalera burua ateratzen ukatu diguten izotzezko hormak ezarri dituztenak gure aintzira txikian. Baina euskaldunok beti egin dugu aurrera, hizkuntza elkarlanerako tresna eta lanabes nagusi gisa hartuaz.

Sakabanaketa/batasun dikotomia horretan, euskalki desberdinak sortu dira, herrialde desberdinak, historia ibilbide desberdinak, marko desberdinak. Baina euskaldungoak jakin izan du batasunaren unea begiztatzen, batasunerako deia zabaltzen egoeraren larritasunean, elkar-lanaren sena berpizten haunditasun handimandiei aurre egiteko. Eta hor dago bere arrakasta.

Egun globalizazioa dago mundu zabalean indarrean, dakarren deserrotze eta homogeneizazio prozesu zitala gertu-gertutik somatzen dugula. Estatuek ere nahas-mahas horretan beraien esparruak indartu eta sendotzeko asmoari ekin diote.

Euskal Herria aurkitzea da oraingo erronka, beti bila eta bila ibiltzearen poderioz laberintotan galdu baino lehen. Euskal Herria bere herri bakoitzean, bere euskalki bakoitzean, bere aburu bakoitzean, bere ñabardura bakoitzean aurkitu, elkar-lanaren bidexidorretik batasunera bidean.