2010/05/27

POEMA BILDUMATXO BAT


Poema. Errekak ta espetxeak

Errekak ezin dira

luzaroan

espetxeraturik eduki.




Ubeldurak ogibide.


Kontraesanak azaleratzen diren heinean

gehiago dira hauek izkutatzeko

erabilitako mertzenarioak.

Ubeldurak ogibide.





Lolaren zirkua

Lolaren zirkuan

epaileak gobernuaren lozorroan.




Dizdirak (gau paisaia)

1. Balkoira ateratzen naiz.

Hego haize bero bat dabil.

Kolore askotako argiak.

Moreak, urdinak, zuriak.

Berdeak, laranjak, gorriak.



Inguratzen nauen paisai ilunargi bat

ezkerraldetik eskuinaldera begiratzen dudan neurrian.

Mendi gainetan antenak bere argi gorriekin.

Aiako Harriaren soslaia iluntasunean.

Zubi bat bere farola altuekin badiaren barnekaldean.



Ur azalaren gainean arrastaka

argi zipristinak datoz Hendaiatik honuntza.

Uraren sakontasunerantz

luzatzen den

edifizio imaginario baten

beirateak.





Ameslarientzako

alfonbra zuri dizdiratsuak.

Edo soilik isladak gauaren hegian.


Txalupak han-hemenka.

Tarteka Hendaiako trenen intziriak.

Tarteka autoak.

Tarteka gora begiratzen dut.


Ta haizaren dantzak dena orrazten duela

loak hartzen nau zurekin debekatutako hirian.

Begiz asebetetzen nauen

paisai hontan

ez baitut mugarik ikusten.




2. Gaur historia irakaslea bost minutu berandu dator

ta jakinmin handiz nago, nere hiri debekatuaren historiaz

ihardungo

baitu.






Datak botatzen hasten da:


Historiaurrea: Giza aztarnak badiako hondartza batean. III. mendea kristo ondoren: Oiasso. Erromatar meatzeak Aiako Harrietan. Portu garrantzitsua Irun aldean. 670: Bale olio portuak Kantauriko kostaldean. XII. mendea: Nafar erreinuaren kostaldeko hiriguneak. Baztandik Donostiara Veilaz tenente nafarra. XIII. mendea: Gaztelar erregeak foru nafar bat eman Hondarribiari. Balea Hondarribiko armarrira. XIV. mendea: Gaztelar korregidorea Donostia, Oiartzun eta Hondarribiaren artean bitartekari. Jarraian alkaide bakarra hiruentzat. XVI. mendea: Nafarroaren gainbehera eta errrekonkista saioa. XVII-XVIII. Gudaldiak. XIX. Gudaldiak. Aduanak Bidasoara. XX. mendea: Gudaldi latza Guda Zibilean.


Halako hitzjarioak inpresio arraro bat uzten dit gorputzean

goizeko ordu hauetan. Gainera trena hartu behar dut. Trena

hartu behar dut. Eta nere artean diot: mende berri bakoitza

ez al da izango menderatzen jarraitzeko aitzakia berria?



3. Historian itxuak gailentzen direlako susmoa daukat.

Liburuetan baino nahiago baitut

begien aurrean daukadana

aurreritzirik gabe ikustea.

Begiz asebetetzen nauen

paisai hontan

ez baitut mugarik ikusten.


4. Balkoira ateratzen naiz.

Hego haize bero bat dabil.

Kolore askotako argiak.

Moreak, urdinak, zuriak.

Berdeak, laranjak, gorriak.





2010/05/24

herriak badaki



Herriak badaki zer den sufritzea

herriak badaki zer den negar egitea

-hemen ere ikasi dugu-

Baina

irri ta dantza

ta esperantza

herri bat pirinioaren bi aldeetan
dantzan ta kantari


paella haundi bat
da
askatasuna

arroza ta barazkiak
ta
beste
lapikoan
babarrun txuri gorri ta beltzak

ta hortaz
portu, bortu eta bortüetan
uxoak dantzari

nurat joaiten zira zu?
errazu!!

2010/05/19

BELARRITAKO BITXIDUNAREN NESKA



PINTURA IZAN ZEN GARAI BATEAN mundua erretratatzeko modu zuzenena. Aurrehistorian jendea paretak margotzen hasi zenetik, zeozer barne-mundutik kanpora ateratzen zen. Zaldiak eta bisonteak, hartzak, baita erleak ere, sexu organuen errepresentazioak, etabarrek, barneko mundu hura atera nahi zuten. Aipatu izan da haratagoko munduarekiko harreman bat islatzen zutela. adibidez, zaldiek beste bizitzarako bidean laguntzen zutela.

Gerora, pinturak beti bidea egin du giza-artean. Margotze horrek nolabait idazkeraren oinarriak ipini zituen.

Eta idatzia eta hizkia eta idazkera barne munduak paperera eramateko bide bihurtu ziren. Konplexutasuna betiere garatuz joan delarik, ez genuke ulertuko gure gaurko mundua barne-kanpo dialektika horretan errepresentazioaren ekarpen behinekoa gabe.

Biologia gara. Baina baita Kultura ere bai. Izaki biologiko kulturadunak. Etzait bururatzen bikoiztasun hori modu zehatzagoan islatuko duen kontzepturik.

Dialektikoki garatzen da gure bi alor eta atal hauen arteko borroka, garapena, harremana, elkar-eragina. Batzutan gure biologiak goia hartzen dio gure kulturari. Orduan jario kimiko oinarrizkoek hartzen dute gure jokabidearen lema.

Gosea, haserrea, tristezia, ... agian alaitasuna ere bai.

Jario kimiko oinarrizko horiek kontrolpean izatea oinarrizkoa zaigu. Tresna kulturalak behar ditugu, ez gure barneko animali eta instintu horien gatibu izateko.

Tresna horien artean asko daude funtsezkoak. Baina bi aipatuko ditut. ARNASA ETA AHOTSA.

Gure arnasa, hasiera batean oso maila biologikoan kokatu daitekeena, erabiltzen ikasten badugu gure gogoaren kontrolerako tresna gisa erabili dezakegu.

Berdin ahotsakin. Ahotsak asko laguntzen digu erregulatzen gure arimaren egoera.

BIOLOGIA ETA KULTURA DIOGU BERAZ.

Errepresentazioa. Materia.

Gure lehengai biologikoak: ura, hezurrak, begia, haragia, odola, burubideetako argiak....

Gure lehengai kulturalak: hitza, ahotsa, errepresentazioa, eskuen lanaren ondorenak....

Hausnar dezagun, hausnar dezagun......

2010/05/11

Gora berbenak!


BERRIAn argitaratua martxoan, badirudi eztabaida pixkat piztu duela. Igande honetako BERRIAn erreportaia, igandekarian.

Bereziak izaten ziren berbenak herriko festetan. Harrituko zarete agian aldarri txiki honekin, baina hura zen gozada eta dantzarako gogoa!

Berbenek gure herrian izan duten garrantziaz uste dut ez dela nahikoa hitz egin. Zubi-lan garrantzitsua egin zuten: rock kulturaren zabalpena eta kantu ospetsuen euskaratzea, plazak dantzan jartzea, gure lehen moxkor-dantzariak girotzea.

Gertatu izan zait, ingelesezko rock kantu ezagun bat euskarazko bertsioagatik ezagutzen dudala, eta hori gure berbeneroei esker izan da. Nahikoa eskertu al diegu? Norbait akordatzen al da haiekin?

Tarteka gertatzen da: kantu bat bilatzen hasten zara, adibidez "euskal" hitza daramana. Eta bapatean Egan-en kantu bat agertzen zaizu, edo Minxoriak-ena. Kuriositateak zizta egin eta jaisten hasten zara. Kantua jarri eta giro oso bat etortzen zaizu burura: txoznak, jendea alaiki, jaia. Jaigiro liriko-alaigarri bat, ni behintzat hunkitzen nauena.

Hori bai: pixkat koxkortu ginenean, beste euskal musikaruntz edota atzerriko musikaruntz belarriak luzatuz, txozna-gunera iritsi eta, "berbena gaurkoan ere!", hura zen kexu nagusia. Errebeldia harek gustoko musika haratago bilatzera eraman gintuen, musika-haritik tiraka, lehenik hemen genuenari baina gero saltoa eginez anglosaxoi kulturako taldeetara, edota bestelako iturriak bilatuz.

Baina orain, perspektiba zabal batetik begiratuta, berbenek sozializazio eta euskalduntze lan haundia egin zutela aitortu beharra dago. Sozializazioa, rock musika eta musika berriak gizarteratu zituztelako. Eta euskalduntzea, askotan kantu propio edo bertsionatuen bitartez gurera ekarri zutelako atzerriko musika, eta euskaraz gainera. Lan handia egin zuten gure musika-kulturaren oinarriak jartzeko, eta geroko rock uholde guztia ezin da ulertu haiek gabe.

Gerora bai: Sutagar, Negu Gorriak, Delirium Tremens; maketa eta kaseten trukea institutuan; Red Hot Chilli Peppers, Faith No More, Nirvana; Londresera joandako lagunaren diskoak kopiatzen ibiltzen ginenekoak; Bad Religion, Fugazi, Public Enemy; guraso batek lagunduta gure lehen kontzertu handia (nirea Public Enemy-rena, La Casillan); Bap, M-ak, Hertzainak; gure lehen kontzertuak gaztetxetan.

Baina gure lehen-lehen esperientzia musikala ez al zen izan berbenen eskutik, herriko plazetan? Nirea bai behintzat. Hortaz, gora berbenak!

Gaur egun sortu da figura berria: dj "berbeneroa". Plaza askotan ikusiko dituzu irrati-formulako kantuak jartzen, edo tabernetan, edota ezkontzetan. Ondo dago, euskarazko musikari tartea eginez gero noski, baina orokorrean filosofia motz xamarra izaten dute.

Erronka garrantzitsu bat ikusten dut beraz: dantzan jarriko gaituen euskarazko musikari beharrezko atentzioa ematea, bai sortzaile bai entzuleen aldetik. Eta musika dantzagarri gaurkotuaz hitz egiten dut, inolako konplexurik gabe egingo dena egungo tekno-pop-dance-elektro-hiphop-rock nahasketa horretatik jaiotako mistura horren aurrean.

2010/05/06

Ahotsa. Generoa. Musika (BERRIAko artikulua).

BERRIA - 2010 maiatzaren 6.ean

"A capella" atalean

XABI STRUBELL

Arreta handiz jarraitzen ari naiz Maialen Lujanbiok, Uxue Alberdik eta Ainhoa Agirreazaldegik (besteak beste) bertsolaritzaren inguruan abiatutako genero irakurketa eta hausnarketa. Euskal musikara etorrita, aspalditik eman izan dit atentzioa emakumearen ahotsaren (ahotsa, diskurtsoa, espazioa) falta horrek. Hortaz, segituan etortzen zait galdera: zein balio daude hedatuak euskal musikan neska bati zailago edo nekezago gerta dakion ibilbide bat hastea?

Estatistikari heltzekotan, ziur aski gehiago dira haur-gazte garaietan musikan hasten diren neskak mutilak baino, batez ere arlo «tradizionalean». Baina, heldutasunera iristean, gutxiago dira. Gutxiago dira gure taldeetan, gure aldizkarietan, gure disko azaletan.

Ez nuke nahi musikaren fenomenoa generizatu. Musika hizkuntza unibertsala da, eta, hortaz, denok bat gara hura entzun eta disfrutatzeko orduan. Baina badira, eta gure kontzertu eta festetan begia zabaltzea besterik ez dago, beharbada mutilei balio edo sentimenduen aldetik hurkoagoak zaizkien musika motak (rock gogorra?), baita beste norabidean ere, neskei oro har atseginagoak zaizkienak. Bad Sound Systemen kontzertuetan eta reggae-ragga musikaren inguruan sortu zait ideia hori. Hau da, musika dantzatzeko modukoagoak, beroagoak eta nolabait tropikalagoak daudenean uhinetan dantzan, emakumeek gehiago dantzatzeko joera dute. Neska-mutil guztiak gustura ibiltzen gara holakoetan, baina agian entusiasmoaren inguruko sentsazioa da.

Nik uste dut euskal musikan emakumearen ahotsak ez duela oraindik bere tokia erdietsi. Badauzkagu oso musikari erreferentzialak (Maddi Oihenart, Anari, Sorkun eta abar), baina falta da behetik gorako bultzada hori; hau da, egoera bat non edozein neskak bere burua musikan hasi eta jarraitzeko konfiantza, bideak eta erreferenteak izango dituen. Hezkuntza gaia ere bada, dudarik gabe.

Azkenik, ezin da alde batera utzi estilo musikalen inguruko hausnarketa. Rockak gure herrian izan duen pisua ez da izan debaldekoa; rock gogorrari balio jakin batzuk lotzen zaizkio. Baina aspaldi lehertu da estilo-aberastasuna gure herrian, bai mundu zabaletik iristen zaizkigun olatu berriekin, bai gure herrian bertan zabaldu den panorama estilistikoarekin. Agian garaia da gai horiek guztiak mahai gainean jartzeko, eta gure kulturgintzan irizpide komunikatibo-kulturalen araberako analisiak hedatzeko: publiko motak, egoera musikalak, kultur-balioak eta dimentsio estetikoak, dela genero edota bestelako irizpideak aintzat hartuz.


Ahotsa. Generoa. Musika
http://paperekoa.berria.info/plaza/2010-05-06/042/006/Ahotsa._Generoa._Musika.htm

2010/05/04

EUSKAL HERRIAK


Kristiane Etxaluz-ek esana (igandeko GARAn).

Beharbada EUSKAL HERRIA baino EUSKAL HERRIAK kontzeptua plurala dela, egokiagoa. Aberastasunetik, diferentziatik, aniztasunetik, historiatik, euskalkietatik, bide propio eta bateratzaileetatik...

Eta garai batean buruan bueltaka nuen kontzeptua plazaratu du: PAISES VASCOS, paises bajos edo neederlands gisakoa. EUSKAL HERRIAK.

Garai batean gure kantagintzan indarrean zegoen kontzeptua, agian: zazpi euskal herriek bat egin dezagun...