2010/05/06

Ahotsa. Generoa. Musika (BERRIAko artikulua).

BERRIA - 2010 maiatzaren 6.ean

"A capella" atalean

XABI STRUBELL

Arreta handiz jarraitzen ari naiz Maialen Lujanbiok, Uxue Alberdik eta Ainhoa Agirreazaldegik (besteak beste) bertsolaritzaren inguruan abiatutako genero irakurketa eta hausnarketa. Euskal musikara etorrita, aspalditik eman izan dit atentzioa emakumearen ahotsaren (ahotsa, diskurtsoa, espazioa) falta horrek. Hortaz, segituan etortzen zait galdera: zein balio daude hedatuak euskal musikan neska bati zailago edo nekezago gerta dakion ibilbide bat hastea?

Estatistikari heltzekotan, ziur aski gehiago dira haur-gazte garaietan musikan hasten diren neskak mutilak baino, batez ere arlo «tradizionalean». Baina, heldutasunera iristean, gutxiago dira. Gutxiago dira gure taldeetan, gure aldizkarietan, gure disko azaletan.

Ez nuke nahi musikaren fenomenoa generizatu. Musika hizkuntza unibertsala da, eta, hortaz, denok bat gara hura entzun eta disfrutatzeko orduan. Baina badira, eta gure kontzertu eta festetan begia zabaltzea besterik ez dago, beharbada mutilei balio edo sentimenduen aldetik hurkoagoak zaizkien musika motak (rock gogorra?), baita beste norabidean ere, neskei oro har atseginagoak zaizkienak. Bad Sound Systemen kontzertuetan eta reggae-ragga musikaren inguruan sortu zait ideia hori. Hau da, musika dantzatzeko modukoagoak, beroagoak eta nolabait tropikalagoak daudenean uhinetan dantzan, emakumeek gehiago dantzatzeko joera dute. Neska-mutil guztiak gustura ibiltzen gara holakoetan, baina agian entusiasmoaren inguruko sentsazioa da.

Nik uste dut euskal musikan emakumearen ahotsak ez duela oraindik bere tokia erdietsi. Badauzkagu oso musikari erreferentzialak (Maddi Oihenart, Anari, Sorkun eta abar), baina falta da behetik gorako bultzada hori; hau da, egoera bat non edozein neskak bere burua musikan hasi eta jarraitzeko konfiantza, bideak eta erreferenteak izango dituen. Hezkuntza gaia ere bada, dudarik gabe.

Azkenik, ezin da alde batera utzi estilo musikalen inguruko hausnarketa. Rockak gure herrian izan duen pisua ez da izan debaldekoa; rock gogorrari balio jakin batzuk lotzen zaizkio. Baina aspaldi lehertu da estilo-aberastasuna gure herrian, bai mundu zabaletik iristen zaizkigun olatu berriekin, bai gure herrian bertan zabaldu den panorama estilistikoarekin. Agian garaia da gai horiek guztiak mahai gainean jartzeko, eta gure kulturgintzan irizpide komunikatibo-kulturalen araberako analisiak hedatzeko: publiko motak, egoera musikalak, kultur-balioak eta dimentsio estetikoak, dela genero edota bestelako irizpideak aintzat hartuz.


Ahotsa. Generoa. Musika
http://paperekoa.berria.info/plaza/2010-05-06/042/006/Ahotsa._Generoa._Musika.htm