2008/10/22

sekula ez da historian hainbeste lagun ibili euskaraz idazten


Luistxo Fernandez-ek oso artikulu interesgarria idatzi du euskara eta interneten arteko harremanaz eta egoeraz.
Irakurtzeko modukoa.

"Euskara Interneten: argi-ilunak" du izenburua.
http://eibar.org/blogak/luistxo

hona hemen laburpena, baina osorik irakurtzea oso gomendagarria da:

EUSKARA TA INTERNET

-ez dezagun sinetsi trena garaiz hartu dugula.

-euskaldunen sareko trafiko eta ohiturak ezagutu ditzagun, eta webgune eleanitzen kasuan, trafiko horren neurketa zehatza eta presentziaren plangintza orekatua egin dezagun. Ez dezagun diglosiaren zulo beltza elkikatu.

-Sareko zerbitzuetan, bide guztiekin saia gaitezen: aurki ditzagun gure txokoak Google ekosisteman, eta aldi berean eraiki ditzagun alternatiba propioak, guztiz euskaldunak.

-Ez hedabideak gorrotatu. Bilakatu hedabide. Informatu, eztabaidatu, bloga sortu, matraka eman.

-Ez Kultura sailburuagatik kexatu. Bihur zaitez zu zure kulturaren jaun eta jabe.

-Sortu kultura. Kopiatu, egokitu eta birsortu irudimenarekin. Punk izpiritu apurtzaileenarekin.

-Kultura librea sor dezagun. Izpiritu entziklopedikoarekin.

2008/10/21

OTEIZA GOGOAN



Preindoeuropearra naiz.

40.000 urte ditut
baina sasoi betean nago.

2008/10/19

Larzabalen Ibañetaren moldaketa berria


Larzabalen Ibañeta antzerki obraren moldaketa berria egin dute.

Emankizunak iparralden egiten ari dira, (gaur Sara-n) eta taldetxo oso interesgarria bildu da. Nik Ander Lipus ezagutzen dut gehien. Harekin hitz egiteko aukera izan dut moldaketa berriaz, eta historio oso polita dela argi dago.

Antzerki lan bezela egungo modutara amoldatu dute (bideoa, musika, planteamendu berritzaileak). Omen, oso ondo dago egina, ta gainera amateur antzezleen lana primerakoa da, profesionalak ere badauden arren.

Ea hegoalden ikusteko aukerarik dugun!

2008/10/17

25 urteren buruan, berriz irteeran

Testu bikain hau zintzilikatu nahi izan dut.

"25 urteren buruan, berriz irteeran

Patxi Azparren - Xabier Sarasua - Endika Yoldi
Euskaria Fundazioko kideak

Orain dela lau bat urte, solasaldi batean, guk baino urte gutxi batzuk gehiago dituen lagun batek, bere burua bidearen erdian ikusten zuela esan zigun. Atzera begira aurrera begira besteko tartea ikusten zuela, alegia. Gu ere leku berera iritsiak garela ohartuta gaude, eta kokapen berri honek ematen digun ikuspegiak sentsazio berriak sorrarazten dizkigu.

Gurasoengandik jasotako munduarekiko maitasun-gorroto harremana genuelarik, kezka nazionalek eta sozialek gure hurbileko inguruan konpromiso zehatzak hartzera eraman gintuzten. Frankismotik irten ezinik zebilen Euskal Herrian haziak gara. Hainbat eta hainbat lagunekin batera, Frankismoak gure herrian egindako sarraskiak txikitu zuena berrosatzeko eta berritzeko ahaleginetan ibili ginen. Euskal Herri desberdina eraikitzen ari ginela sinistu genuen, eta etorkizun baketsu, emankor eta askea eskura genuelakoan ginen.

Tamalez, urteek aurrera egin ahala, gure belaunaldiko bidaialagun frankok, eguneroko beharrek eta egungo bizi moduak dakartzaten loturek bultzaturik, konpromisoari muzin egin diote, eta tropel nagusien berotasunean babestu dira.

Ez da harritzekoa, ez dago ezer leporatzeko, oso ulergarria baita hamaika buelta eman ondoren, hasierako toki berera itzuli garela bistan dago eta.

Post-frankismotik neo-frankismora itzuli gara, eskuineko diktadura horrek eratu zuen kapitalismo mota berezi horretatik, enpresa handiak diru publikoz hornitzen dituen neoliberalismora heltzeko. Langabezi-tasaren ikarak sortzen zituen kateetatik, mailegu hipotekarioek eraiki duten espetxeraino ailegatzeko.

Ezagutzen gaituztenek baikortasuna, bizipoza eta alaitasuna gure ezaugarriak direla baiezta lezakete. Egun, berriz, gure herri osoa jaten ari den etsipenak itotzen gaitu.

Arbasoengandik jaso genuen mundua aldatu nahi genuen; arbasoek pairatu zutenak eta egindako lanak beraiekiko errespetua eta lotura sakona sortu zuen gugan. Itxuraz kontrajarriak diren bi faktore hauek jendarteaz eta nazio arazoez kezkatzera eraman gintuzten. Orain, seme-alabei bestelako mundua eta Euskal Herria utzi nahi izateak etsipenaren gainetik lan egitera behartzen gaitu.

Ordularia geldirik.

Aste hauetako prentsa irakurriz gero, Euskal Herrian ordularia noizbait gelditu zela pentsa genezake. Heriotzak, ilegalizazioak, debekuak, atxiloketak, euskararen egoera… Handia da telebista itzaltzeko eta egunkaririk ez zabaltzeko tentazioa. Nazka-nazka eginda gaude, ordulari zaharraren orratz herdoilduetan usteltzen ari gara. Estatuek utzitako zirrikituez baliatuta, erakundeen bidez herri aske izatera iritsiko ginela hitza eman zigutenek kale egin dute; azken aste hauetako gertaerak horren azken egiaztapena baino ez dira. Borroka armatuaren bidez herri aske eta solidarioa izango ginela hitza eman zutenek ere kale egin dute. Eta desobedientzia zibilaren bidez, herri aske, solidario eta tropikala ekar genezakeela aldarrikatu genuenok ere kale egin dugu.

Gaztetxoak ginela, gure belaunaldiko askok sistema aldatzeko borroka bide jakin bat aukeratu zuten. 25 urteren buruan horietako batzuk ez dira gure artean, beste batzuk oraindik preso daude. Neurririk gabeko sufrimendua jasan behar izan dute; neurririk gabe sufriarazi dute.

Bide berriak behar ditugu; baina egindako bidea ez da alferrik izan, eta ikasitakoak bide berriak urratzeko oinarri izan behar du. Batetik elkarlanaren eta indar metaketaren premia dago: ondorioak ateratzeko hausnarketa konpartitu batetik hasita; indar metaketa ezberdinak bilatu beharko dira helburu ezberdinetarako (burujabetzarako eta gizarte-aldaketarako, esate baterako). Bestetik, indarkeria bide guztiak alde batera uztea; bidea helmuga bezain garrantzitsua da. Azkenik, erakundeen eta herritarren lana biak behar ditugula, bakoitza bere esparruan eta bere tresnen bidez, baina norabide berean, nahi dugun Euskal Herrirako bidean urrats eraginkorrak emateko.

Egongo dira bestelako hausnarketa egin eta bestelako ondorioak ateratzen dituztenak ere. Helburu berak izanik, elkarri entzuteko eta pixkanaka baina bat eginda aurrera egiteko unea dela uste dugu.

Seme-alabak koskortzen ari zaizkigun honetan, duela 25 urte gertatzen zen moduan, zutik diraute euren nortasuna eta ahalmenak garatzea oztopatzen dieten harresiek, eta aurki sentituko dute bustitzeko beharra. Urrats hori ematen badute, gure laguntza beharko dute minik har ez dezaten eta minik eragin ez dezaten. Etsipenak ezin gaitu garaitu."

2008/10/16

Nire lehen poesia liburua: Lauki bat zen

Poesia liburu berria daukat eskuartean: Lauki bat zen.

Egungo aukera berriei men eginez, interneten dohainik zintzilikatzea erabaki dut. Liburuak nahas-mahas batean biltzen ditu poesia sorta batzuk. Arteaz, filosofiaz, sentimenduez, eta beste hitzegiten dut. Erudizio aspirazio haundiegirik gabe, Historiako ikasketetan eta gure "klasikoen" irakurketetan barrena (Oteiza, Barandiaran, Manuel Lekuona) pilatzen joan naizen ideia eta sentsazio desberdinak bildu ditut. Eraberean, Dada eta surrealista mugimenduen zenbait errezeta erabili ditut. Idazketa automatikoa, adibidez.

Ondorioa osotasun kaotiko bat da, gai batetik bestera pasaz, baina sakoneko loturei bide emanez, jarraitasun poetiko bakar baten bidean.

Dohainik eskuragarri duzue hurrengo loturan:

Lauki Bat Zen

(http://www.archive.org/details/LaukiBatZen_353)

2008/10/09

IRITSI DA EGUNA!!!!

Azkenean iritsi da eguna ta ZURAk bihar lehen kontzertua egingo du!!!!!!

KARMA TABERNA-HONDARRIBIA- OSTIRALA 10 - 22:30

oso pozik gaude ta gogo haundiz kanta berriak konpartitzeko. batezere diskotik joko ditugu kantak baina baita aurreko diskotik eta bertsioren bat.

badakizue!!!! gonbidatuta zaudete!!!!

2008/10/06

Oiaso, zero urtea

OIASO ZERO URTEA

Oiasoko baskoiak gaur bildu dira, gehienak arditurriko meatzetan egun guztia lanean eman eta gero. Nekea agerikoa zen aurpegietan. Arditurrik mozkin eskuzabalak ematen dizkie erromatarrei, bertan meatzea ireki zutenetik. Zulatu ta zulatu, mende erdi batean Aiako Harria gazta zulatu bat bihurtu dute.

Asanblada eguzkia jartzeko orduan deitua zegoen Erlaitzen. Bertan egon dira meatzari asko, baina baitaere nekazariak, eta egia esan, oiasoaldeko langile asko, era guztitakoak.

"Erromatarrak euren termatan dauden bitartean, goxo-goxo, guk bizkarra apurtzen mea ateratzeko meatzetik!!" esan du batek nahiko berotuta.

"Ez daukagu ezta etxebizitza duin bat!!" beste batek, ahotsa zurrunbiloan altxatuz.

"Egia esan mundua nahiko gaizki banatua dago. Erromatarrak iritsi zirenetik, geroz ta gaizkigo bizi gera." besteak.

Auskalo zer gertatuko den oiasoaldean. Lan baldintza duinen alde badirudi nahiko ahots altxatzen direla, baina asko bakartuta sentitzen dira, izan ere erromatarrek pentsamoldeak kontrolatzeko era asko dauzkate, batezere erlijioak ematen dien kontrol erritual guztiarengatik.

Jarraituko dugu oiasotik berri ematen. Oiaso askatu!!!

2008/10/01

ZURA Kontzertuak 2008 alaitasuna tour


Urria-octubre
10 ostirala- Karma taberna Hondarribi
11 larunbata- Akelarre Txantrea
18 larunbata- Iurrita Oiartzun (+ gora japon)

Azaroa-noviembre
8 larunbata - Gaztetxe Beasain
14 ostirala - plateruena Durango (+ petti)
27 osteguna - UPNA nafarroako unibertsitatea - 7:30

Abendua-diciembre
ZURA + SABINA LEONE BIRA

12 ostirala- Psilocybe aretoa Hondarribi
13 larunbata- Putzuzulo amets fabrika -Zarautz
18 osteguna- Bonberenea Tolosa
20 larunbata- L´Mono artista kolektiboaren aretoa Bilbo

2008/09/19

lurralde loopeatuak edo loopatuak edo loopeztatuak

(Euskaltzaindiak erabakia hartzen ez duen bitartean...)

Loopeatuta geratuko gera
loopeatuta, loopeztatua, edo loopatuta
loop batean, kiribil batean...

ilegalizazio, ukazio ta ixiltze loop batean.....

zarata arroxazko loop batean, zeinean ahotsik ezin den entzun....

norbaitek esan zuen, ez ditzatela gehiago ilegalizatu..... LETRAK BUKATUKO DIRELA!!!!!!!