2008/10/17

25 urteren buruan, berriz irteeran

Testu bikain hau zintzilikatu nahi izan dut.

"25 urteren buruan, berriz irteeran

Patxi Azparren - Xabier Sarasua - Endika Yoldi
Euskaria Fundazioko kideak

Orain dela lau bat urte, solasaldi batean, guk baino urte gutxi batzuk gehiago dituen lagun batek, bere burua bidearen erdian ikusten zuela esan zigun. Atzera begira aurrera begira besteko tartea ikusten zuela, alegia. Gu ere leku berera iritsiak garela ohartuta gaude, eta kokapen berri honek ematen digun ikuspegiak sentsazio berriak sorrarazten dizkigu.

Gurasoengandik jasotako munduarekiko maitasun-gorroto harremana genuelarik, kezka nazionalek eta sozialek gure hurbileko inguruan konpromiso zehatzak hartzera eraman gintuzten. Frankismotik irten ezinik zebilen Euskal Herrian haziak gara. Hainbat eta hainbat lagunekin batera, Frankismoak gure herrian egindako sarraskiak txikitu zuena berrosatzeko eta berritzeko ahaleginetan ibili ginen. Euskal Herri desberdina eraikitzen ari ginela sinistu genuen, eta etorkizun baketsu, emankor eta askea eskura genuelakoan ginen.

Tamalez, urteek aurrera egin ahala, gure belaunaldiko bidaialagun frankok, eguneroko beharrek eta egungo bizi moduak dakartzaten loturek bultzaturik, konpromisoari muzin egin diote, eta tropel nagusien berotasunean babestu dira.

Ez da harritzekoa, ez dago ezer leporatzeko, oso ulergarria baita hamaika buelta eman ondoren, hasierako toki berera itzuli garela bistan dago eta.

Post-frankismotik neo-frankismora itzuli gara, eskuineko diktadura horrek eratu zuen kapitalismo mota berezi horretatik, enpresa handiak diru publikoz hornitzen dituen neoliberalismora heltzeko. Langabezi-tasaren ikarak sortzen zituen kateetatik, mailegu hipotekarioek eraiki duten espetxeraino ailegatzeko.

Ezagutzen gaituztenek baikortasuna, bizipoza eta alaitasuna gure ezaugarriak direla baiezta lezakete. Egun, berriz, gure herri osoa jaten ari den etsipenak itotzen gaitu.

Arbasoengandik jaso genuen mundua aldatu nahi genuen; arbasoek pairatu zutenak eta egindako lanak beraiekiko errespetua eta lotura sakona sortu zuen gugan. Itxuraz kontrajarriak diren bi faktore hauek jendarteaz eta nazio arazoez kezkatzera eraman gintuzten. Orain, seme-alabei bestelako mundua eta Euskal Herria utzi nahi izateak etsipenaren gainetik lan egitera behartzen gaitu.

Ordularia geldirik.

Aste hauetako prentsa irakurriz gero, Euskal Herrian ordularia noizbait gelditu zela pentsa genezake. Heriotzak, ilegalizazioak, debekuak, atxiloketak, euskararen egoera… Handia da telebista itzaltzeko eta egunkaririk ez zabaltzeko tentazioa. Nazka-nazka eginda gaude, ordulari zaharraren orratz herdoilduetan usteltzen ari gara. Estatuek utzitako zirrikituez baliatuta, erakundeen bidez herri aske izatera iritsiko ginela hitza eman zigutenek kale egin dute; azken aste hauetako gertaerak horren azken egiaztapena baino ez dira. Borroka armatuaren bidez herri aske eta solidarioa izango ginela hitza eman zutenek ere kale egin dute. Eta desobedientzia zibilaren bidez, herri aske, solidario eta tropikala ekar genezakeela aldarrikatu genuenok ere kale egin dugu.

Gaztetxoak ginela, gure belaunaldiko askok sistema aldatzeko borroka bide jakin bat aukeratu zuten. 25 urteren buruan horietako batzuk ez dira gure artean, beste batzuk oraindik preso daude. Neurririk gabeko sufrimendua jasan behar izan dute; neurririk gabe sufriarazi dute.

Bide berriak behar ditugu; baina egindako bidea ez da alferrik izan, eta ikasitakoak bide berriak urratzeko oinarri izan behar du. Batetik elkarlanaren eta indar metaketaren premia dago: ondorioak ateratzeko hausnarketa konpartitu batetik hasita; indar metaketa ezberdinak bilatu beharko dira helburu ezberdinetarako (burujabetzarako eta gizarte-aldaketarako, esate baterako). Bestetik, indarkeria bide guztiak alde batera uztea; bidea helmuga bezain garrantzitsua da. Azkenik, erakundeen eta herritarren lana biak behar ditugula, bakoitza bere esparruan eta bere tresnen bidez, baina norabide berean, nahi dugun Euskal Herrirako bidean urrats eraginkorrak emateko.

Egongo dira bestelako hausnarketa egin eta bestelako ondorioak ateratzen dituztenak ere. Helburu berak izanik, elkarri entzuteko eta pixkanaka baina bat eginda aurrera egiteko unea dela uste dugu.

Seme-alabak koskortzen ari zaizkigun honetan, duela 25 urte gertatzen zen moduan, zutik diraute euren nortasuna eta ahalmenak garatzea oztopatzen dieten harresiek, eta aurki sentituko dute bustitzeko beharra. Urrats hori ematen badute, gure laguntza beharko dute minik har ez dezaten eta minik eragin ez dezaten. Etsipenak ezin gaitu garaitu."