2008/10/31

Hedoi Etxarte: Suzko Lilia


2008ko irailean argitaratu du Hedoi Etxartek SUZKO LILIA (susa 2008) poesia liburua. Liburu bikaina da, oso fina eta kalitate haundikoa.

Surrealistek irekitako bidetik, Hedoik hizkuntza berezia sortzen du, non isurkinak, animaliak, tren eta tranbia estazioak eta hizkuntza desberdinak nahasmen ederrean biltzen diren. Sentimenduaren adierazpenerako edozein sentsaziok balio dio: kolore batek, metafora jostagarri batek edota kale urrunen baten izena.

Maitasuna dago poemen sakonean. Ni eta Zu. Zure ausentzia, zure presentzia. Eta mundu horren inguruan, zurrunbilo batean joanetortzen dira poesiaren hariak. Badago sexua ere poema hauetan, sexualidade surrealista bat. Surrealistek bezela, zeozer bilatzen du poetak gorputzaren atalen poetikotasuna bilatzean: belarriak, betazalak...

Euskara jasoa eta poetikoki aberatsa erabiltzen du. Hizkuntza menderatuz, bere sentimenduak menderatzeko hitzak bilatzen ditu poetak, eta bide hortan horrelakoak haizeratzen ditu:


BEHARRA ETA GOGOA

iristean esan zenidan
"isiltasuna ere musika da"

entsaladaren aurretik
"hutsunea ere espazioa da"

ostean
"beltza ere kolorea da"

kafean
"operazioa egitean min egiten badizute ere
sendatzeko tenorean gertatzen da hori"

alde egin baino lehen esan zenidan
"adarrak jarri nizkizun
baina zu bakarrik zaitut maite"


Hauek eta gehiago: Susaren webgunean HEDOI ETXARTE SUZKO LILIA

1 comentari:

Anònim ha dit...

Irakurtzeko tentazioak sortzen... ondo ondo!