2009/01/26

Atlantida ta euskaldunak


Asko hitzegin da Atlantidaz. Mitoa ala errealitatea? esaten zuen Rezanov-ek bere liburu famatu batean. Historialari gisa, beti interesatu izan zait mitologia. Bide horretan, liburu txiki ta mamitsu bat eskuratu nuen aspaldi, Joan Inazio Hartsuaga-ren "Jentilen Akabera" (antropologiaren euskal bilduma 11-kriseilu argitaletxea). Pista ugari ematen ditu, eta batezere mitologia sistematikoki aztertzeko bide interesgarriak eskeintzen ditu.

Jentilen akabera mitoa oso errotua egon da Euskal Herrian. Bertsio ugari gordetzen ziren oraindik ahozkotasunak indarra zuenean
(kate batzuk bai eten dira...!) eta eskerrak Barandiaran, Azkue eta beste zenbait jakintsuri guregana iritsi dira.

Honela dio bertsio batek:

Artaldeak Aralarko mendebaldeko larretan zeuzkaten artzai batzuk 1917garren urtean, zera kontatu zidaten, aspaldi aspaldian, jentilak dantza eta jolasean arituz Argaintzabaletako zelaian bildurik zeudela, iparretik, haien gainera zetorren laino misteriotsu bat agertu zela. Jentilek, izuturik, ihesari ekin zioten Intzensao deritzan baso batean zehar. Arraztaran-era heldu zirenean, gaur oraindik bertan dagoen eta Jentilarri deritzan harripila baten azpira sartu ziren. Bertan geratu ziren betirako lurperaturik.

Askotan lotu izan da Jentilen akaberaren mitoa kristautasunaren etorrerarekin, baina Hartsuagak maisuki erakusten du bertsio horrek sakoneko beste mito zaharrago bat daukala mamian. Izan ere, berak dio mitoak geruzaz geruza aztertu behar direla, eta mitologia konparaketatik mito zaharraren muinera iritsi gaitezkela.

Hortaz, Hartsuaga-ren lanak bide ematen digu pentsatzeko jentilen akabera-k hondamendi natural haundi bat izan zuela bere jatorrian kontakizun. Hodei edo laino misteriotsu bat iritsi zela, eta harekin batera hondamendia.

Nire gaitasun murritzetik eta irakurgai hauek tarteko, eskutara iritsi zitzaidan Gaiak argitaletxeko "Atlantida: egia ala mitoa?". Bertan Rezanov jaunak Atlantidaren mitoa hondamendi natural batekin erkatzen zuen. Hau da, bere tesiaren arabera, soilik hondamendi natural haundi batek ekar zezakeen atlantidaren mitoaren atzean legokeen jatorrizko gertakizuna.

Rezanov-ek data bat jartzen zion jazoera hari: atlantidako hondamendia 1628. urtean Kristo Aurretik gertatu zen, Santorini irlan sumendi batek leher egin eta bertako irla hondoratu zelarik. Hondamendi honek maremoto eta laino masa ilunak eragin zituen mediterranear kostalde guztietan.

Esan dut nire gaitasunak apalak direla, baina atrebentzia sortu zitzaidan bi ikerbide horiek lotzeko, eta jakinik Rezanov-ek esaten zuela europar herri askotan gordetzen zirela kontakizun zahar haren bertsio desberdinak, nire buruari galdetzen hasi nintzen ez ote zen gertakizun berbera izango, hau da: hondamendi natural bat, hodei eta laino ilunak, kultura zahar baten gainbehera, eta gertakizun haien bertsio desberdinak europar herrietan barrena.

Hari solte ugari daude inguruan, baina euskararen historian ere badauka zeresana ikerbide honek. Euskara kultura magdelaniarretik dator, edo saharako neolitiko-ko herrien etorreratik? Edo egon zen elkarbizitza bat magdaleniar jatorriko herri haiek (Jentilak?) eta sahariar jatorriko abeltzain kulturaren artean? Eta zeinek ekarri zion euskara zeini? Edo mistura hartan sortu ahal zen euskara? Hausnar dezagun... hausnar dezagun...

Bide hauek guztiek bategingo balute edukiko genuke behintzat nondik hasi: jentilen akaberaren jatorrizko gertakizuna datatuta egongo litzateke.

HORREK ESAN NAHIKO LUKE EUSKARAREN BAITAN MEMORIA GORDE DELA DUELA 3.600 URTE GERTATUTAKO JAZOERAZ. Hau da, mitoa DATATZE bidean egongo litzateke. Abiapuntu polita litzateke.

Azken gauza bat. Klima aldaketaren auzia egun puri-purian dago.

Atlantidaren mitoak izpilu aurrean jartzen gaitu...

zer gerta daitekeen amalurra gaizki tratatzen badugu....

1 comentari:

Imanol Epelde Pagola ha dit...

Atrebentzia. Hori da hitza. Hori da falta zaiguna apustu, amets eta teoria berri interesgarriak sortzeko. Ongi, ongi!