Amara itsasoa zenean
-
Nagusiki 20. mendeko lehen zatikoak diren Donostiako argazkiak jarri
dituzte Galarza Fondoaren erakusketan, San Telmo Museoan (2025eko
urtarrilaren 26a art...
2010/07/20
BORBOR GARAIAK
UDAN teorian ez dira holako gauza bereziak gertatzen... teorian....
baina udako suge batzuk bai ibili dira egunotan...
izanen da ziuraski uztaila -europaldean bezela- politikagintzaren lan egutegian bete-betean sartu dela. uztailan? ba lana.
1978-2010 prozesua gogotan hartzen badugu, badirudi ziklo bat ixtera doala. Ez bakarrik Euskal Herrian. Katalunian ere bai.
Hortaz: manifestazioak, grebaren orokorraren irakurketak, sobiranismoen mugimenduak, kirol uholde espainiarraren kiratsak...
GURE HERRI TXIKIENTZAT OPORRIK EZ!!!
Intelektualak eta inteligentsia guztiak lanean.
Batonbat Madrile aldian, haizeak eramana dibisio urdina eta hitlerren gudak defendatzera!!!! Espainolismoak ez du mugarik, behin sugarra pizten zaienean.
Beste batonbat, larrosaren izena bilatu nahiean edo, zer den federalismoa eta zer ez, eta zer konfederalismoa eta zer ez.
Noski, ez du ezagutuko katalunian eskola politiko honek izan duen historia, baina tira.
azkenerako, erabateko dekantazio prozesu orokor bat, eta aukera gutxi epelkeri eta tarteko soluzioentzako.
2010/07/13
gora eskualdeak
Gaur egungo hiritartze prozesua herri eta hirien egitura aldatzera bultzatzen ari da.
Marko administratiboen arteko talka hamaika lekutan aurkitzen dugu, Udalerrien egituratzearen gaiari gaurkotasun handia erakarriz. Halabaina, izate instituzional apalen gainetik Diputazioek eta Jaurlaritzek Trafiko edo eta Azpiegituren gaietan egiten duten kudeakuntza erasokorraren bitartez, garapen eredu baten de factozko eraikuntzaren protagonista bihurtzen ari dira.
Eskualdeen gaurkotasuna, aldiz, agerian jartzen da hainbat arlotan. Zabor eta Uren kudeakuntzarako Mankomunitateak sortu dira, hainbat herriren harremanak hestutuaz.
Kultur arloan ere eskualdeek eskeintza eremu bat osatzen dute, kultur beharrak asetzeko eskualde barneko mugikortasuna eraginez.
Halanola, Osasun arlotan(Bidasoako ospitalea,adibidez, behe bidasoa eta bortziriak hartzen dituena), eta beste hainbat ihardueren garatze-eremu bezela. Hala ere, indefentsioa nabaria da,ia erabatekoa, Ingurugiro edo Azpiegitura gaietan. Herri eta auzo asko larriki mehatxaturik baitago.
Eskualdeak harilkatzea Hiri eredu berri baten beharrarekin dago lotuta, eta era berean lurraldetasuna bideratzeko modu demokratikoa da, behetik gorakoa. Eskualdeen izaera eta bizitze eskubidea bermatu beharko lukeen plangintzaren parte da beraz. Abiapuntua, orduan, Udalerri eta eskualdeen egitura erasoko duen edozein proiektu eztabaidatu ahal izatea da, nahitaezko tresna demokratikoa delako.
Aukeren arloan, ereduak bilatzea komeni da. Bartzelonak, adibidez, baditu 25 urte inguru Eremu Metropolitano gisa antolatu dela, berezko hiria eta inguruko herrien arteko elkartzea administratiboki isladatuaz.
Eremu Metropolitanoa osatuaz, berezko izate instituzional berri bat sortzen da, nolabaiteko prozesu konstituientearen bidez, arazo sozialeei hiritartasun lotura berrien bitartez erantzun emanaz. Baina lotura berri hauek espazioaren erabilera klasistarekin eskuz-esku garatu izanagatik, desoreka larri eta nabariak dituen eredua dugu.
Badirudi Erdigune/Periferia Politikagintza zentralistaren ezaugarri izateaz gain, Hirigintza Burgesaren Filosofia ere badela. Hori bai, behin zentruaz jabetuta, burgesak bigarren etxea kosta edo landan nahi du, Hiriko zarata, ke eta ezinegonetatik aparte.
Ondare Komunalen tradizio juridikoak, Udalerrien izate legalaren funtsetako bat izanik, herrien ondare naturalaren ustiakuntza kolektiboa azaltzen digu. Modu hauek idealizatu ezin diren arren, bertan iharduera sostenigarri eta eredugarriak topatzen ditugu, Hiri eredu berri baten definizioan mami handiko ekarpenak izan daitezkeenak. Izan ere, eredu berria gorpuzteko tresnak eskeintzen ditu tradizio juridiko komunalaren berrikuspenak. Gainera, egungo Natur-zaintza legediaren aurrekaritzat hartu behar da.
Bestaldetik eta bertzealdetik, oinezko eta motore gabeko ibilgailuen erabiltzaileen eskubideak bermatu behar ditu Garraio Politika argi batek. Ezinbestean, garraio eredua ezin delako automobilera murriztu. Ezta Abiadura Handiko trena potroengatik inposatzera.
Eskualdeen aukera Eremu Metropolitanoak gauzatzea da. Zementuari aurre hartuz, Eskualdeek beraiek, euren baso, zelai eta ibaien osasun eta osotasuna bideratzeko modua da, Natura behar bezela errealitate juridiko-politikoaren bitartez babesteko.
2010/07/12
Txarangak: musika kalera!
(BERRIAn argitaratua)
Uda iritsi da eta harekin batera herritako jaiak, kale giroa eta, nola ez, txarangen garaia. Youtube-tik jirabira bat eman eta konturatu naiz nolako panorama aberatsa dugun txarangen inguruan. Zoritxarrez, ez naiz oso eskualde txarangazalean bizi –bidasoaldean- eta behin baino gehiagotan egon gara lagunekin hitz egiten hondarribiako jaietan somatzen dugun falta horretaz.
Txarangek egun nola zabaldu duten euren errepertorioa, horrek harritu nau gehien. Pop eta rock klasikoak entzuten dira maiz; dela Mickael Jackson-en popurria, edo Manu Chao-rena, la chica Ye-ye edo bestelako kantutegi zabala, euskal kantuen presentzia nabariarekin. Eta horretaz gozatzeko aukera ona asteartean hasi diren san ferminak!
Kaleak musikaz betetzea funtsezkoa da, bestak biziak eta alaigarriak egiteko. Kaleak hartu beharrean gaude, hemen gaudela berriz esan, eta etxeko sofan burges-txikituta nahi gaituzten guzti horiei gure irrintzi alaiak helarazi.
Mundu panoraman ez dago ia antzeko gauzarik. Soilik brasileko ihauteriaren zalapartekin eta agian balkanetako fanfarre horiekin aldera daitezke gurean txarangek daukaten indarra eta ohiartzuna.
Ikuspegi teknologikoago batetik bai, egiten dira bai Love Parade delakoak, Berlinen edo beste lekutan, jende asko eta asko bilduz teknoaren taupadetara. Baina bere hortan, eta analogikoki sortutako musikaren bidez, gure txarangak zaindu eta sustatu beharreko gauza dira, musikari ibiltarien alegrantzia habarrotsak.
Musikaren ikuspegitik zer esan daiteke? Ba gure kolektibotasuna bizitzeko eta bixitzeko funtzio ezin baliotsuagoa dutela, eta errepertorioak bere hortan nahiz eta agian ez horrenbesteko garrantziarik eduki, nabaria dela adaptatzen doala eta gure kultur tradizioaren berrikuspen bihurri eta alaia egiten dutela.
Kaleak soinuz eta burrunbadaz betetzea inolako dudarik gabe urte guztian pilatutako energia txarrak uxatzeko eta garbitzeko modua dira; kaleetaz berriz jabetzeko. Soinua bera sanjuan sua bailitzan, iskanbilak, dantzak eta alegrantziak gure hiri eta herriak berriz bizigarri egiten dituzte.
Bukatzeko, popurri sanferminero bat: Herriak parrandan bizi behar du. Beraz, hamaika txaranga bil gaitezen. Herriak duelako hitza, erabakia eta dantzarako gogoa. Horretaz, jo ta ke txaranga- musikariak funtzionari bihurtu arte, eta kañeroak, whisky botilak eta sagardo kupelak hustutzea lortu arte!
2010/07/07
2010/07/05
gizakia, artea, euskara
edo artixta oteitzazale bat hizkuntzalariei kaka ematen
(aldez aurretik euskal hizkuntzalaritzari barkamena eskatuz).
Zer dakigu gizakiaz arteaz euskaraz?
Hor nonbait –gauzetan lehena hitza izan zen- gizakiari g bat jarri zitzaion izenaren aurrean, izakietatik bereiztuaz. SaGar hori hartuta, dela zutik jarri etsaien ikusteko, dela bi oinetan hasi ura bila joateko, edo dela suaren bitartez sukaldatzen hasita, gizakia agertu zen.
Printzipioz, etzeukan beste espezien artetik bereizteko zera berezirik. Areago: itxura batean ahula bakarkakoan, soilik talde-lanean zeuzkan gizakiak baliabideak ingurune mehatxukor bati aurre egiteko.
Dela otsoen ehiza teknikei erreparatzen, dela berezko klan txikietan bizitza arrunta antolatzen, dimentsio sozialak garrantzia berezia izan zuen hasieratik. Gizatalde abiatu ginen unetik hasten da gizakiaren gaurko bertsioa.
Eta bide horretan –bestela ezin- hizkuntza. Gai honetaz hausnartu izan dudanean, iruditu zait ez dagoela teoria oso finkorik, edo oraingoz ez dela sortu. Baina gaiaren inguruan idatzitako guztiak alde batera utzita (batzutan ezpaitakigu aurreritzi hutsak ez ote diren), nik uste Astarloak XIX. mendean ideia garrantzitsu bat plazaratu zuela: sustratu paranatural baten beharrezkotasuna. Hau da, gorputzetik berez -edo sortzen diren soinuak, onomatopeiak, eta abar.
Muga bat aurkitu beharrean gaude. Hau da; beste izakiek ere badituzte beraienak. Katu bati isatsa zapaltzen badiot kexu egingo du. Baita txakur batek ere. Tximino batek ere bere soinuak modu naturalean erabiliko ditu hau edo bestea adierazteko. Ez da hortaz deus asmatzea esatea gizakiok ere, DIMENTSIO KULTURAL BAT garatu aurretik, gure izate sakon eta naturaletik sortutako soinuak erabiliko genituela.
KULTURA MASKARA BAT DA. Geruza bat gu eta munduaren artean. Eta maskara-geruza hortan bide oso desberdinetatik eta jatorri oso desberdinetatik gauzak pilatzen joan gara. Maskara den heinean, gure mundu ikuskera baldintzatzen du, eta geruza den heinean gure gorputzaren-soinaren munduarekiko harremana. Izaki filtrodunak gara gizakiak, lozorrotuak. Gure kultur lozorroan izakia izkutatzen da, eta batezere instintu primarioak, gure alde biologikoena. Hezkuntzak, esperientziak eta inguruneak (ingurune afektiboa, gurasoena, lagunena, kultur eta herriarena) lozorro hori osatzen doaz. Baina lozorroaren barnean karakterra ere badago, gure kraterra: gure nortasunaren sumendia mugiarazten dituzten tentsio eta pultsioak, indarrak, garrak. Eta lurralde horretan teoria basatiak.
Teoria basatiak, Pola idazle argentinarraren arabera edo behintzat bere hizkeran emana, lirake ekintzara garamatzaten teoriak. Arriskutik eta beldurretik eraikitako teoriak. Beldurrak zizelkatutako banako edo taldekako teoria edo filosofia sistemak munduaren aurrean jarrera erasokor bat edukitzera eramaten gaituztenak. Hori bai: beldurra berezkoa dugu. Berezkoa dugu hazitze eta hezitze prozesuan, ni-aren eratze eta indibiduazio prozesuaren parte gisa. Baina beldurraren mundu horren aurrean hartzen dugun jarreraren arabera, gizakiak jo dezake sistema teoriko bat eraikitzera, erasoan oinarritutakoa, hain zuzen ere. Teoria basati bat, alegia.
Atzetik aurrera, eta berriz atzera. Harri zahar garaiko gizakiak mundu erasokor hori kanpoan zuen. Barrua elkarlanerako izango zen, oro har. Taldearen barrua, eta gero kanpoa. Arteak lagundu omen zuen harreman hori arrazionalizatzen eta zehazten, hau da, harreman hori elkarrizketa batetara eramaten. Nire ustean, kulturaren jaiotza zehazten du une horrek; hau da, gizakiok hizkuntzaren aurretiazko baldintza sortu genuen unea; gu hori eta kanpoko mundu horren arteko bereiztasuna, nola edo hala espresatu beharko zutena. Indibiduazioa, baina talde eran emana, hor nonbait.
Gu.gutasuna. Guaren inguruan hitz adarkatzeak egin daitezke, ez hizkuntzalari ametsek puztuta noski, baizik eta gehiago konputazioa eta artea egiten ariko bagina bezela.
Gu. Go. Bu. Bo. Bi.
Gu. Gogo. Buru. Biri.Boro. Kiri.
Gu. Gogor. Buru. Biribil.Borobil. Kiribil.
Eta hortik sortzen hasi gaitezke:
Gubil, gogobil, burubil, gogo-gogor, kiriborobiriburubil, …
Edota:
Ko. Ka / Ga. Go.
Koko. Kaka.
Gogo. Gaga.
Kokotea, kokotza, koko/gogo… (goikoa? goraka doana?)
Kaka, kaka zaharra, kaka berria… (behekoa? beheraka doana?)
Honela sortu behar izan zuen, halabeharrez, euskarak: jolas moduan. Estruktura oso oinarrizkoetatik mundua deskribatzen joan, barnekoa eta kanpokoa. Konstruktibismo moduko bat. Hitzekin jolastuaz, beste garai latzago batzuetan jolasa joko bihurtu den arte.
Baina gaur egun badaukagu oraindik ere poeten errepublika honetan jolas horren behar eta berri. Bertsolariak, poetak, edota tabernazulo batean hitzei buelta ematen gabiltzan laia-lariak.
Horretaz, zer dakigu gizakiaz? Ba gizakiak dakiguna zera da: hizkuntzak egin gaituela gizarte edo jendarte, lagunarte. Eta hizkuntzaren sorreraz esaten da Artearen jaiotzarekin harreman zuzenean eman zela. Eta artearen sorreraz ari garenean, zeinek ez ditu gogoan arte franko-kantauriarreko testigantzen mapak?
Beti gure burua txarresten ibili behar dugu. Gutxira eta txikira sentitzen. Euskaldun izateagatik atzerritar gure herrian. “Kaxeroen” konplexu eta irain haiek ez daude hain urruti.
Baina eta, gu haiek bagina? Edota behintzat, guk gure hizkuntza garatzeko bide propioaren testigantza zaharrak bagenitu gure hizkuntzan? Hau da, euskara balitz hizkuntzaren sorreraren garaiko testigantza filosofiko-praktikoak (hau da, sortze haren nolakotasuna), gordetzen dituen hizkuntza?
Edo bestela esanda (agian modu ertsiagoan) gure hizkuntzaren sustratu zaharrenak eta gure euskararen-hizkuntzaren matrixa edo erroa gure hizkuntzaren sorburuetaraino eramango baligu?
Orduan aurretik dugun lana uste genuena baino are garrantzitsuagoa, unibertsalagoa eta itzelagoa litzateke.
2010/07/02
Subscriure's a:
Missatges (Atom)