2010/07/12

Txarangak: musika kalera!


(BERRIAn argitaratua)

Uda iritsi da eta harekin batera herritako jaiak, kale giroa eta, nola ez, txarangen garaia. Youtube-tik jirabira bat eman eta konturatu naiz nolako panorama aberatsa dugun txarangen inguruan. Zoritxarrez, ez naiz oso eskualde txarangazalean bizi –bidasoaldean- eta behin baino gehiagotan egon gara lagunekin hitz egiten hondarribiako jaietan somatzen dugun falta horretaz.

Txarangek egun nola zabaldu duten euren errepertorioa, horrek harritu nau gehien. Pop eta rock klasikoak entzuten dira maiz; dela Mickael Jackson-en popurria, edo Manu Chao-rena, la chica Ye-ye edo bestelako kantutegi zabala, euskal kantuen presentzia nabariarekin. Eta horretaz gozatzeko aukera ona asteartean hasi diren san ferminak!

Kaleak musikaz betetzea funtsezkoa da, bestak biziak eta alaigarriak egiteko. Kaleak hartu beharrean gaude, hemen gaudela berriz esan, eta etxeko sofan burges-txikituta nahi gaituzten guzti horiei gure irrintzi alaiak helarazi.

Mundu panoraman ez dago ia antzeko gauzarik. Soilik brasileko ihauteriaren zalapartekin eta agian balkanetako fanfarre horiekin aldera daitezke gurean txarangek daukaten indarra eta ohiartzuna.
Ikuspegi teknologikoago batetik bai, egiten dira bai Love Parade delakoak, Berlinen edo beste lekutan, jende asko eta asko bilduz teknoaren taupadetara. Baina bere hortan, eta analogikoki sortutako musikaren bidez, gure txarangak zaindu eta sustatu beharreko gauza dira, musikari ibiltarien alegrantzia habarrotsak.

Musikaren ikuspegitik zer esan daiteke? Ba gure kolektibotasuna bizitzeko eta bixitzeko funtzio ezin baliotsuagoa dutela, eta errepertorioak bere hortan nahiz eta agian ez horrenbesteko garrantziarik eduki, nabaria dela adaptatzen doala eta gure kultur tradizioaren berrikuspen bihurri eta alaia egiten dutela.
Kaleak soinuz eta burrunbadaz betetzea inolako dudarik gabe urte guztian pilatutako energia txarrak uxatzeko eta garbitzeko modua dira; kaleetaz berriz jabetzeko. Soinua bera sanjuan sua bailitzan, iskanbilak, dantzak eta alegrantziak gure hiri eta herriak berriz bizigarri egiten dituzte.
Bukatzeko, popurri sanferminero bat: Herriak parrandan bizi behar du. Beraz, hamaika txaranga bil gaitezen. Herriak duelako hitza, erabakia eta dantzarako gogoa. Horretaz, jo ta ke txaranga- musikariak funtzionari bihurtu arte, eta kañeroak, whisky botilak eta sagardo kupelak hustutzea lortu arte!