2010/07/13

gora eskualdeak



Gaur egungo hiritartze prozesua herri eta hirien egitura aldatzera bultzatzen ari da.

Marko administratiboen arteko talka hamaika lekutan aurkitzen dugu, Udalerrien egituratzearen gaiari gaurkotasun handia erakarriz. Halabaina, izate instituzional apalen gainetik Diputazioek eta Jaurlaritzek Trafiko edo eta Azpiegituren gaietan egiten duten kudeakuntza erasokorraren bitartez, garapen eredu baten de factozko eraikuntzaren protagonista bihurtzen ari dira.

Eskualdeen gaurkotasuna, aldiz, agerian jartzen da hainbat arlotan. Zabor eta Uren kudeakuntzarako Mankomunitateak sortu dira, hainbat herriren harremanak hestutuaz.

Kultur arloan ere eskualdeek eskeintza eremu bat osatzen dute, kultur beharrak asetzeko eskualde barneko mugikortasuna eraginez.

Halanola, Osasun arlotan(Bidasoako ospitalea,adibidez, behe bidasoa eta bortziriak hartzen dituena), eta beste hainbat ihardueren garatze-eremu bezela. Hala ere, indefentsioa nabaria da,ia erabatekoa, Ingurugiro edo Azpiegitura gaietan. Herri eta auzo asko larriki mehatxaturik baitago.

Eskualdeak harilkatzea Hiri eredu berri baten beharrarekin dago lotuta, eta era berean lurraldetasuna bideratzeko modu demokratikoa da, behetik gorakoa. Eskualdeen izaera eta bizitze eskubidea bermatu beharko lukeen plangintzaren parte da beraz. Abiapuntua, orduan, Udalerri eta eskualdeen egitura erasoko duen edozein proiektu eztabaidatu ahal izatea da, nahitaezko tresna demokratikoa delako.

Aukeren arloan, ereduak bilatzea komeni da. Bartzelonak, adibidez, baditu 25 urte inguru Eremu Metropolitano gisa antolatu dela, berezko hiria eta inguruko herrien arteko elkartzea administratiboki isladatuaz.

Eremu Metropolitanoa osatuaz, berezko izate instituzional berri bat sortzen da, nolabaiteko prozesu konstituientearen bidez, arazo sozialeei hiritartasun lotura berrien bitartez erantzun emanaz. Baina lotura berri hauek espazioaren erabilera klasistarekin eskuz-esku garatu izanagatik, desoreka larri eta nabariak dituen eredua dugu.

Badirudi Erdigune/Periferia Politikagintza zentralistaren ezaugarri izateaz gain, Hirigintza Burgesaren Filosofia ere badela. Hori bai, behin zentruaz jabetuta, burgesak bigarren etxea kosta edo landan nahi du, Hiriko zarata, ke eta ezinegonetatik aparte.

Ondare Komunalen tradizio juridikoak, Udalerrien izate legalaren funtsetako bat izanik, herrien ondare naturalaren ustiakuntza kolektiboa azaltzen digu. Modu hauek idealizatu ezin diren arren, bertan iharduera sostenigarri eta eredugarriak topatzen ditugu, Hiri eredu berri baten definizioan mami handiko ekarpenak izan daitezkeenak. Izan ere, eredu berria gorpuzteko tresnak eskeintzen ditu tradizio juridiko komunalaren berrikuspenak. Gainera, egungo Natur-zaintza legediaren aurrekaritzat hartu behar da.

Bestaldetik eta bertzealdetik, oinezko eta motore gabeko ibilgailuen erabiltzaileen eskubideak bermatu behar ditu Garraio Politika argi batek. Ezinbestean, garraio eredua ezin delako automobilera murriztu. Ezta Abiadura Handiko trena potroengatik inposatzera.

Eskualdeen aukera Eremu Metropolitanoak gauzatzea da. Zementuari aurre hartuz, Eskualdeek beraiek, euren baso, zelai eta ibaien osasun eta osotasuna bideratzeko modua da, Natura behar bezela errealitate juridiko-politikoaren bitartez babesteko.