2007/02/07

Tradizioaren haritik tiraka zenbait bertso berri

Munduaz zenbait bertso (santa ageda doinuarekin).

Zorion munduontako denoi
oles egitera nator
gogorik-gogo hizkuntza zahar hau
hemen berritzeko asmoz.
Ez nago oso aberats diruz
ezta ere oinetakoz,
baina eztarriz sano nabila
ta kanta nahi dut gogoz.

Mundu honetako egoera
ez da batere zuzena,
armak dabiltza alderik-alde
bizipoza xehetu nahian.
Hala gertatzen da Irak-en,
baita ere Palestinan,
ta industri militarrak dabiltza
negozioa hedatu nahian.

Gizakiak berezko ote du
gerrarako grina latza
ala gizonak testosteronak
aztoratuta dabiltza?
Emakumeen kontrakoa da
askotan haien keria
klitorisaren ablazioan
edo etxeko egongelan.

Luiziak, ekaitzak, trumoiak,
lurrikarak, eurijasak,
badirudi natura bera ere
gure kontran jarri dela.
Ez al da izango eguratsean
botatako kaka pila?
Ama-lur pazientzi handikoa
gutaz nazkatu egin da.

Lehenago Zeutatik Melillara
orain kanariar irlara,
Afrikako lagun beltzaranak
paradisu bila doaz,
geroz eta gehiago dira
gurera badatozenak
aberasten gaituzte haien lanakin
ta kulturarekin zer esan!

Badirudi teknologia(re)kin
goia jo degula jada,
mundu bazter batetik bestera
komunikatzen gara ta,
ez al degu galdu gaitasuna
gero buruz burukoan,
puntutik punturako distantzian
zuzena dela luzeena.

Erostearen kulturarekin
aldatuz doaz ohiturak,
ez dut esaten txarra berez denik
baina sortzen zait zalantza,
auto, etxe ta hamaika gauza
salmentaren erreinua
gainazaleko eraberriketak
barnearena al dakar?

Gazte asko gaude oraindikan
etxetik ezin atera,
lanpostu duin bat lortzekotan
hamaika txar hartu behar,
bitartean betetzen doaz
handimandien patrikak,
euroaren belaunaldiak
gizarte hontan jai dauka.


Hirietako bizimodua
ari zaigu nagusitzen,
porlanezko eskultura legez
aran-mendiak betetzen,
geldituko al zaigu puska bat
paseatzeko bederen,
autoen kea arnastu gabe
disfrutatzeko ibiltzen.

Ezdeustasuna zabaltzen doa
ez nuke nahi izan baina
ezkorkeriaren amaraunean
hartutako inozoa,
badira gauza asko egiteko
altxa dezagun burua,
eskua zabalduz eta gogoak
elkarri elikatuaz.

Izan dadila mundu berri bat
gure dohaien izpilu,
ez gaitz guztien nahasketatikan
sortutako erretratu,
herri guztien ondare onen
benetazko gordailu,
egun berri horren ortzadarrak
laister atera behar du.

Zoriontasunaren dosiak
denon artean banatuz,
gizakien arteko arazoak
hitzen bitartez konponduz,
ama-lurraren ongizatea
modu ausartaz hobetuz,
lan haundia daukagu egiteko
ta beraz lanari lotu.