2009/06/07

Gramatika galduak

30 urte neramatzan gaia aztertzen. Bosch i Guimpera-k aspaldi esan zidan, Pirineotan zegoela koxka. Bere azken eskutitzean Mexikotik esaten zidan bilatzen jarraitzeko. Ni, ordea, galduta nenbilen hainbesteko datu anabasaren erdian. Labarretako pinturak, megalitoak, euskal hizkuntza, herrien joan-etorriak. Ez nuen ulertzen zergatik obsesio hura euskararekin. "Jarraitu bilatzen", esaten zidan modu errepikakorrean. Bartzelonan egon nintzen bere fondoetan ikertzen. Eta deus ere ez. Donostiara itzuli nintzen. Orduan "Historiaurreko xamanak" liburua erori zitzaidan eskutara. Bertan aurkitu nuen argiaren bidea.

Lehen hizkuntza. Artea izan zen lehen hizkuntza. Gramatika jatorrizko hartatik sortu ziren hizkuntza guztiak.

-Bai, bai, baina euskarak zer toki du istorio horretan? -galdetzen zidan doktoretza tesiaren zuzendariak, Alba Grae irakasleak.

Bilatzen jarraitu nuen.

Ez neukan oso argi. Gehiago ziren intuizioak, ideia solteak, taupadak. "Tacit knowdledge" errepasatzen egon nintzen. Ia-ia oinarrira jo nuen: begia, testua (kasu honetan labarreko pintura), soinua eta ahots gaitasuna, adierazlea eta adierazia... Duda-mudak erantzunak baino gehiago.

-... orduan labarretako pinturak lehen testu idatziak dira?
-Hori da hipotesia.
-Ez diot oinarririk ikusten. Idazkerak bestelako funtsak ditu.

Orduak ematen genituen eztabaidan Alba eta biok, kafeak joan kafeak etorri.

Barandiaran, Oteiza, Bosch i Guimpera, eta hainbat eta hainbat erreferente gehiago neuzkan gogoan. Gelako mahaia baso bat zen, non apunteek eta liburuek osotasun kaotiko bat osatzen zuten.

Azkenean, Antonin Artaudek eman zidan bere poema batean argi printza definitiboa: infernutik ateratzeko idazten, margotzen, zizelkatzen, eraikitzen, asmatzen dugu.

Hizkuntza babes-ezkutu bat da Kaosaren aurrean, kanpoko munduak, besteak, haratagokoak sortzen digun ezinegonaren aurrean. Eskuak beldur, desio, esperantza, ezjakintasun, inpultso guzti horiek labarrean margotzen dituenetik espazio bat zabaltzen zaio bihotzari, espazio bizigarri bat.

-Baina non dago idazkera horren gramatika? -Albak.
-Euren inguruan zuten munduan. Zaldiak, behorrak, izurdeak, erleak, hartzak...
-Hori adieraziak dira, edukia, baina non dago guzti horren gramatika?
-Xamanen teoriak ematen dio zentzua horri. Haratagoko mundu horrekin elkarrizketa sakon bat dago. Baina, gramatika hori... galdua da.