2008/10/31

Hedoi Etxarte: Suzko Lilia


2008ko irailean argitaratu du Hedoi Etxartek SUZKO LILIA (susa 2008) poesia liburua. Liburu bikaina da, oso fina eta kalitate haundikoa.

Surrealistek irekitako bidetik, Hedoik hizkuntza berezia sortzen du, non isurkinak, animaliak, tren eta tranbia estazioak eta hizkuntza desberdinak nahasmen ederrean biltzen diren. Sentimenduaren adierazpenerako edozein sentsaziok balio dio: kolore batek, metafora jostagarri batek edota kale urrunen baten izena.

Maitasuna dago poemen sakonean. Ni eta Zu. Zure ausentzia, zure presentzia. Eta mundu horren inguruan, zurrunbilo batean joanetortzen dira poesiaren hariak. Badago sexua ere poema hauetan, sexualidade surrealista bat. Surrealistek bezela, zeozer bilatzen du poetak gorputzaren atalen poetikotasuna bilatzean: belarriak, betazalak...

Euskara jasoa eta poetikoki aberatsa erabiltzen du. Hizkuntza menderatuz, bere sentimenduak menderatzeko hitzak bilatzen ditu poetak, eta bide hortan horrelakoak haizeratzen ditu:


BEHARRA ETA GOGOA

iristean esan zenidan
"isiltasuna ere musika da"

entsaladaren aurretik
"hutsunea ere espazioa da"

ostean
"beltza ere kolorea da"

kafean
"operazioa egitean min egiten badizute ere
sendatzeko tenorean gertatzen da hori"

alde egin baino lehen esan zenidan
"adarrak jarri nizkizun
baina zu bakarrik zaitut maite"


Hauek eta gehiago: Susaren webgunean HEDOI ETXARTE SUZKO LILIA

saramagoren galdera



A pergunta
E eu pergunto aos economistas políticos, aos moralistas, se já calcularam o número de indivíduos que é forçoso condenar à miséria, ao trabalho desproporcionado, à desmoralização, à infância, à ignorância crapulosa, à desgraça invencível, à penúria absoluta, para produzir um rico?

Almeida Garrett
(1799-1854)

Galdera

Nik galdetzen diet ekonomista politikoei, moralistei, kalkulatuko ote duten miseriara kondenatu beharreko gizabanakoen kopurua, neurriz-kanpoko lanera, desmoralizaziora, haurtzarora, ezjakintasun zitalera, atsekabe garaitezinera, urritasun gorrienera kondenatu beharreko gizabanakoen kopurua.. aberats bakar bat produzitzeko?

Almeida Garrett
(1799-1854)

(jose saramagoren blogetik hartua: http://caderno.josesaramago.org/ )

2008/10/28

euskal onomatopeien hiztegia


Eskutara iritsi zait euskal onomatopeien hiztegia. Itxura oso ederra du, eta lan zabala eta sakona da. Iraide Ibarretxek eta Alfontso Mtz. Lizarduikoa-k egina da, ta GAIAK argitaldariak argitaratua da, 2006ean.

Gure onomatopeien aberastasuna dudarik gabe hizkuntzaren espresio gaitasunaren lekuko da, baina dudan nago diglosiak ere hemen tarte haundia jan ote ez digunik.

Komentario txiki bat egite arren, esango nuke azalpena euskaraz ez egotea pena dela, ingeleraz eta gazteleraz baitaude.

zenbait pasarte:

"hizkuntzalariak hasi dira interesa jartzen mintzairaren forma fonetikoa osatzen duten elementuen esanahi autonomoan, zuzenekoan, zein, Kratilo obran esaten zaigunez, naturatik zuzenean sortua den, eta ez konbentziotik. "

ta zenbait adibide:

birri-barra: zabaldu, esparcir

blaust: zaplaztekoa

dal-dal-dal: hotzikaran, temblando

hiztimizti: ahoberoa

hirrinbili-harranbala: baldar ibili

izkirimiri: solasaldi arin ta atsegina

jarrai-marraiak: prozedurak

ñañi: eskeini ta ez eman, haurrekin

ñibirri-ñabar: abigarrado

ñir-ñir: fulgor

2008/10/27

Euskaldunak ta globalizazioa


Euskaldunak ta globalizazioaz aritzeko tarte bat hartu nahi izan dut gaurkoan. Gaia gaurkotasun haundikoa da, egia esan.

Historia ikasteak ematen duen perspektibatik, globalizaziotzat ezagutzen duguna oso-oso prozesu luzearen ondorio gisa ikusten dut, bere keria eta tasun guztiekin. Hori bai, ezinbestean maila desberdinak desberdindu behar dira.

Badago globalizazio ekonomiko bat, inposatzen den garapen eredu bati lotua eta ankerkeri ugariren bidez lur planetako jendearenganako opresio herraminta bihurtu dutena. Hor ere prozesua luzea izan da. Luze zabaldu gabe, moneta sistemaren aintzindariak mediterraniar itsasoaren inguruko sistema proto-ekonomiko hartan kokatu behar ditugu, hain zuzen ere, XV eta XVI. mendetan herrialde katalanek eta italiako hiri estatuek osatzen zuten sistema ekonomiko hartan. Bertan "taula de canvi" sistema sortu zen, banketxeen aintzindari izan zena, eta zenbaitzuk kapitalismo modernoaren aitzindaritzat hartu izan dutena. Azken finean, balio monetarien trukerako sistema zen. Elkar-truke sistema harek, besteak beste, Errenazimenduaren zenbait alorretako funtsak ezarri zituen, haien artean truke komertzialen garrantziaren eta kapitalen metaketena.

Badago beste globalizazio kultural bat. Haren zutarri bat arabiarrek bideratu zuten, aintzinateko jakituria guztia kristauei helaraziz. Hortan, iberiar penintsulak garrantzi berezia izan zuen. Unibertsitate mediebalak, zientzien suspertzea, elkar-ezagutza, jakiturien globalizazioa, azken finean.

Globalizazio kulturalaren beste mugarria: Mundua laua izatetik borobil izatera iragan zeneko garai hura. Hor bai euskaldunek itsasgizon (besteak beste) gisa zeresan haundia izan genuen, bideak zabalduz eta aintzindari gisa. Gauza jakina da ternua edo terranovara euskaldunak Kolon ameriketara iritsi baino lehen iritsi zirela. Mundu borobil hori europar barne kontraesanen kanporatzerako (ihes balbula gisa edo) erabili zen.

Ta noski, kontraesan ekonomiko eta kultural guztiak esportatu genituen. Hor azaltzen zaigu beraz globalizazioaren lehen biktimak izan zirenen arrastoa, amerindiar herriak. Sarraskia ikaragarria izan zen, ez bakarrik zuzena eta ezpata kolpeka, baizik eta "mikrobioen merkatu komuna"-ren eraketari lotutakoa ere bai. Ameriketan ezezagunak ziren zenbait mikrobio eta birusek eragin zitala izan zuten bertakoengan.

Esan dezagun beraz, gerora XVII-XVIII. mendeetan nahas-mahas guzti hura, mundu borobil hura, lehertu egin zela, europako erlijio gudekin: Erreforma eta kontraerreforma, kristautasunaren ikusmolde desberdinak. Protestanteek bertako ama-hizkuntzengana jo nahi zuten (besteak beste) eta sentimendu erlijiosoa demokratizatu. Hor ikusi du hainbatek (protestantismoan) gerora kapitalismoaren nolabait oinarri psikologikoak direnak (Max Weber-ek adibidez). Ta hor, hein haundi batean, gelditu zen aurremarraztua egungo europaren mapa (bi abiadurako europa deitu izan dena).

Euskaldunek panorama zabal honetan, alde batetik, protestante kulturaren zenbait agerpen edo bertarapen izan genituen. Erlatiboki hitzeginda, nahiko goiztiarra da Bibliaren euskal itzulpena. Bide xidor hori, modernitaterantzakoa, nolabait moztua gelditu zen. Baina euskal kulturak globalizazioaren ernamuin unean zeresana izan zuen.

Kulturek elkar elikatzen diote. Gaur egungo bizimodua milloika truke txiki eta haundiren emaitza da. Globalizazioa prozesu orokor bat da, azken finean etiketa bat garai edo egoera bat azaltzeko.

Hortaz, globalizazioan badago inperialismo eta ankerkeri egiturazkoa, MENDEBALDARTZEA, gerra krudelak, MONETALGOAREN DIKTADURA, enpresen asebeharrez kklonatutako BIZIMODUENA...

baina globalizazioa prozesu konplexuagoa da, eta baita IRAULTZA OROKOR BAT GERTATUKO BALITZ ERE, gerrak amaitu, INJUSTIZIAK ORO BUKATU, sistema ideal bat erdietsi, GIZAKIAK GIZAKIA MENPERATZEN DUENEKO EGOERA BIRRINDU eta gizona gizonarentzat OTSOA BESTERIK EZ DENEKO egoera hau AMAITUTA ERE.... baita orduan ere, globalizazioaren tasun guztiak gurekin geratuko lirateke.

TA TASUN GUZTI HORIEK EGUN EUSKALDUN IZATEA DENAREN EZINBESTEKO PARTE DIRA:

-protestantismoaren ama-hizkuntzen errebalorizazioa (lehen euskal literaturaren sorrera testuingurua)

-amerikatik ekarritako jakituria eta gai guztiak (gure zelaietako artoa, patatak...)

-italiatik ekarritako trikitixa (XIX. mendean trena egitera zetozen langile italiarrek ekarritakoa)

-inglaterratik ekarritako punka (kortatu, hertzainak, la polla records-etabar luze bat- ezin ulertuzkoak lirateke)

-jamaikatik ekarritako reggea...

-japoniatik ekarritako marrazki bizidunak (arale, dotakon, dragoi bola.....)


ta beste hainbeste gauza ta kausa...................

2008/10/23

Lauki bat zen (puskak irakurgai).

Platon jaio zen egunean
mundu oso bat hil zen.
Baina inork etzuen ondoriorik atera.

Zaldiak ikusten ditut
arbelean,
eta behor haurdunak
belearen hegaldian.
Apoak dantzan
eta osinak zelaietan.

Kosmosa ere laukia da,
ordena daitekeen mundu txiki bat besterik ez,
zutarritzen gaituzten tasunen aterpe ñimiñoa,
mugarritzen gaituzten bideen argi,
mugarrijasotzaileen neke eta zorionen aterki
larrosa.

Kaos formagabe horrek,
berdin da A-8ko bihurgune batean,
izotzezko horma batean,
edo kaletik goazela teila batekin buruan...
beti itxarongo gaitu
edozein kosmos txikitxo baten kantoian,
ezustekoaren
ez-itxarondakoaren
ez-kosmosaren
bihurgunean, gugana
bihurtuko den
behor bihurri.
Kosmos oro amarrua da.

Hitz eta pitz.

Hizkuntzaz
hiztuz eta piztuz mundua
(gramatikaren sorginkeri lehena),
eta eskuaz eraldatuz,
kaosaren kiribiletan barrena.

Lauki bat zen.
Lauki bat da.

LIBURU OSOA JETSI HEMEN: LAUKI BAT ZEN

2008/10/22

Oteiza gogoan hartuta, poesia liburua ondu du Xabi Strubell-ek


Euskal poesiaren mundua lurralde zabala da. Euskal poesiak heldutasuna lortua du aspaldi batean, XX. mendeko bidezidor argilunetan. XXI. mendera iritsita, poesia oso anitza egiten da Euskal Herrian. Gazte ugari dago hariari tiraka (katea ez da eten) eta panorama honetan sortu zait nire ekarpentxoa egiteko beharra.

"Lauki bat zen" poema liburua bidaia antzekoa da, sentsazio eta irudi poetiko aldakorrez osatutako osotasun poetikoa. Oteiza diot idatzi honen tituluan, baina asko dira aintzat hartutako pentsalari eta erreferentziak. Eraberean, sentsazio propioz eta sentimenduen lurraldean barneratuz idatzia dago, kaos orokor batean nolabaiteko jarraitasun poetikoa bilatuz.

Idazkeraren aldetik, surrealista eta dadaisten teknikak erabili ditut, idazketa automatikoa hain zuzen ere. Hau da, buruaren jarioari ahalik eta aurreritzi gutxienekin bide ematea. Hortaz, ia-ia jazzera gerturatzen den poesia aurkituko duzue liburuan: irudi poetiko aldakorrak, erritmo aldaketak, poesia zipriztinak...

Oteiza diot. Urtetako irakurtze eta hausnartze lan baten ondoren, euskal kulturaren inguruko ideia eta intuizio batzuk biltzen joan naiz, halanola labarretako arteaz, hizkuntzaren sorburuaz, erritual txamanikoen inguruan, hizkuntzaren filosofiaz.

Besterik gabe beraz, edizio pirata bat egin dut interneten.

JEITSI, KOPIATU ETA ZABALDU LASAI EDERRIN:

http://www.archive.org/details/LaukiBatZen_353

sekula ez da historian hainbeste lagun ibili euskaraz idazten


Luistxo Fernandez-ek oso artikulu interesgarria idatzi du euskara eta interneten arteko harremanaz eta egoeraz.
Irakurtzeko modukoa.

"Euskara Interneten: argi-ilunak" du izenburua.
http://eibar.org/blogak/luistxo

hona hemen laburpena, baina osorik irakurtzea oso gomendagarria da:

EUSKARA TA INTERNET

-ez dezagun sinetsi trena garaiz hartu dugula.

-euskaldunen sareko trafiko eta ohiturak ezagutu ditzagun, eta webgune eleanitzen kasuan, trafiko horren neurketa zehatza eta presentziaren plangintza orekatua egin dezagun. Ez dezagun diglosiaren zulo beltza elkikatu.

-Sareko zerbitzuetan, bide guztiekin saia gaitezen: aurki ditzagun gure txokoak Google ekosisteman, eta aldi berean eraiki ditzagun alternatiba propioak, guztiz euskaldunak.

-Ez hedabideak gorrotatu. Bilakatu hedabide. Informatu, eztabaidatu, bloga sortu, matraka eman.

-Ez Kultura sailburuagatik kexatu. Bihur zaitez zu zure kulturaren jaun eta jabe.

-Sortu kultura. Kopiatu, egokitu eta birsortu irudimenarekin. Punk izpiritu apurtzaileenarekin.

-Kultura librea sor dezagun. Izpiritu entziklopedikoarekin.

2008/10/21

OTEIZA GOGOAN



Preindoeuropearra naiz.

40.000 urte ditut
baina sasoi betean nago.

2008/10/19

Larzabalen Ibañetaren moldaketa berria


Larzabalen Ibañeta antzerki obraren moldaketa berria egin dute.

Emankizunak iparralden egiten ari dira, (gaur Sara-n) eta taldetxo oso interesgarria bildu da. Nik Ander Lipus ezagutzen dut gehien. Harekin hitz egiteko aukera izan dut moldaketa berriaz, eta historio oso polita dela argi dago.

Antzerki lan bezela egungo modutara amoldatu dute (bideoa, musika, planteamendu berritzaileak). Omen, oso ondo dago egina, ta gainera amateur antzezleen lana primerakoa da, profesionalak ere badauden arren.

Ea hegoalden ikusteko aukerarik dugun!

2008/10/17

25 urteren buruan, berriz irteeran

Testu bikain hau zintzilikatu nahi izan dut.

"25 urteren buruan, berriz irteeran

Patxi Azparren - Xabier Sarasua - Endika Yoldi
Euskaria Fundazioko kideak

Orain dela lau bat urte, solasaldi batean, guk baino urte gutxi batzuk gehiago dituen lagun batek, bere burua bidearen erdian ikusten zuela esan zigun. Atzera begira aurrera begira besteko tartea ikusten zuela, alegia. Gu ere leku berera iritsiak garela ohartuta gaude, eta kokapen berri honek ematen digun ikuspegiak sentsazio berriak sorrarazten dizkigu.

Gurasoengandik jasotako munduarekiko maitasun-gorroto harremana genuelarik, kezka nazionalek eta sozialek gure hurbileko inguruan konpromiso zehatzak hartzera eraman gintuzten. Frankismotik irten ezinik zebilen Euskal Herrian haziak gara. Hainbat eta hainbat lagunekin batera, Frankismoak gure herrian egindako sarraskiak txikitu zuena berrosatzeko eta berritzeko ahaleginetan ibili ginen. Euskal Herri desberdina eraikitzen ari ginela sinistu genuen, eta etorkizun baketsu, emankor eta askea eskura genuelakoan ginen.

Tamalez, urteek aurrera egin ahala, gure belaunaldiko bidaialagun frankok, eguneroko beharrek eta egungo bizi moduak dakartzaten loturek bultzaturik, konpromisoari muzin egin diote, eta tropel nagusien berotasunean babestu dira.

Ez da harritzekoa, ez dago ezer leporatzeko, oso ulergarria baita hamaika buelta eman ondoren, hasierako toki berera itzuli garela bistan dago eta.

Post-frankismotik neo-frankismora itzuli gara, eskuineko diktadura horrek eratu zuen kapitalismo mota berezi horretatik, enpresa handiak diru publikoz hornitzen dituen neoliberalismora heltzeko. Langabezi-tasaren ikarak sortzen zituen kateetatik, mailegu hipotekarioek eraiki duten espetxeraino ailegatzeko.

Ezagutzen gaituztenek baikortasuna, bizipoza eta alaitasuna gure ezaugarriak direla baiezta lezakete. Egun, berriz, gure herri osoa jaten ari den etsipenak itotzen gaitu.

Arbasoengandik jaso genuen mundua aldatu nahi genuen; arbasoek pairatu zutenak eta egindako lanak beraiekiko errespetua eta lotura sakona sortu zuen gugan. Itxuraz kontrajarriak diren bi faktore hauek jendarteaz eta nazio arazoez kezkatzera eraman gintuzten. Orain, seme-alabei bestelako mundua eta Euskal Herria utzi nahi izateak etsipenaren gainetik lan egitera behartzen gaitu.

Ordularia geldirik.

Aste hauetako prentsa irakurriz gero, Euskal Herrian ordularia noizbait gelditu zela pentsa genezake. Heriotzak, ilegalizazioak, debekuak, atxiloketak, euskararen egoera… Handia da telebista itzaltzeko eta egunkaririk ez zabaltzeko tentazioa. Nazka-nazka eginda gaude, ordulari zaharraren orratz herdoilduetan usteltzen ari gara. Estatuek utzitako zirrikituez baliatuta, erakundeen bidez herri aske izatera iritsiko ginela hitza eman zigutenek kale egin dute; azken aste hauetako gertaerak horren azken egiaztapena baino ez dira. Borroka armatuaren bidez herri aske eta solidarioa izango ginela hitza eman zutenek ere kale egin dute. Eta desobedientzia zibilaren bidez, herri aske, solidario eta tropikala ekar genezakeela aldarrikatu genuenok ere kale egin dugu.

Gaztetxoak ginela, gure belaunaldiko askok sistema aldatzeko borroka bide jakin bat aukeratu zuten. 25 urteren buruan horietako batzuk ez dira gure artean, beste batzuk oraindik preso daude. Neurririk gabeko sufrimendua jasan behar izan dute; neurririk gabe sufriarazi dute.

Bide berriak behar ditugu; baina egindako bidea ez da alferrik izan, eta ikasitakoak bide berriak urratzeko oinarri izan behar du. Batetik elkarlanaren eta indar metaketaren premia dago: ondorioak ateratzeko hausnarketa konpartitu batetik hasita; indar metaketa ezberdinak bilatu beharko dira helburu ezberdinetarako (burujabetzarako eta gizarte-aldaketarako, esate baterako). Bestetik, indarkeria bide guztiak alde batera uztea; bidea helmuga bezain garrantzitsua da. Azkenik, erakundeen eta herritarren lana biak behar ditugula, bakoitza bere esparruan eta bere tresnen bidez, baina norabide berean, nahi dugun Euskal Herrirako bidean urrats eraginkorrak emateko.

Egongo dira bestelako hausnarketa egin eta bestelako ondorioak ateratzen dituztenak ere. Helburu berak izanik, elkarri entzuteko eta pixkanaka baina bat eginda aurrera egiteko unea dela uste dugu.

Seme-alabak koskortzen ari zaizkigun honetan, duela 25 urte gertatzen zen moduan, zutik diraute euren nortasuna eta ahalmenak garatzea oztopatzen dieten harresiek, eta aurki sentituko dute bustitzeko beharra. Urrats hori ematen badute, gure laguntza beharko dute minik har ez dezaten eta minik eragin ez dezaten. Etsipenak ezin gaitu garaitu."

2008/10/16

Nire lehen poesia liburua: Lauki bat zen

Poesia liburu berria daukat eskuartean: Lauki bat zen.

Egungo aukera berriei men eginez, interneten dohainik zintzilikatzea erabaki dut. Liburuak nahas-mahas batean biltzen ditu poesia sorta batzuk. Arteaz, filosofiaz, sentimenduez, eta beste hitzegiten dut. Erudizio aspirazio haundiegirik gabe, Historiako ikasketetan eta gure "klasikoen" irakurketetan barrena (Oteiza, Barandiaran, Manuel Lekuona) pilatzen joan naizen ideia eta sentsazio desberdinak bildu ditut. Eraberean, Dada eta surrealista mugimenduen zenbait errezeta erabili ditut. Idazketa automatikoa, adibidez.

Ondorioa osotasun kaotiko bat da, gai batetik bestera pasaz, baina sakoneko loturei bide emanez, jarraitasun poetiko bakar baten bidean.

Dohainik eskuragarri duzue hurrengo loturan:

Lauki Bat Zen

(http://www.archive.org/details/LaukiBatZen_353)

2008/10/09

IRITSI DA EGUNA!!!!

Azkenean iritsi da eguna ta ZURAk bihar lehen kontzertua egingo du!!!!!!

KARMA TABERNA-HONDARRIBIA- OSTIRALA 10 - 22:30

oso pozik gaude ta gogo haundiz kanta berriak konpartitzeko. batezere diskotik joko ditugu kantak baina baita aurreko diskotik eta bertsioren bat.

badakizue!!!! gonbidatuta zaudete!!!!

2008/10/06

Oiaso, zero urtea

OIASO ZERO URTEA

Oiasoko baskoiak gaur bildu dira, gehienak arditurriko meatzetan egun guztia lanean eman eta gero. Nekea agerikoa zen aurpegietan. Arditurrik mozkin eskuzabalak ematen dizkie erromatarrei, bertan meatzea ireki zutenetik. Zulatu ta zulatu, mende erdi batean Aiako Harria gazta zulatu bat bihurtu dute.

Asanblada eguzkia jartzeko orduan deitua zegoen Erlaitzen. Bertan egon dira meatzari asko, baina baitaere nekazariak, eta egia esan, oiasoaldeko langile asko, era guztitakoak.

"Erromatarrak euren termatan dauden bitartean, goxo-goxo, guk bizkarra apurtzen mea ateratzeko meatzetik!!" esan du batek nahiko berotuta.

"Ez daukagu ezta etxebizitza duin bat!!" beste batek, ahotsa zurrunbiloan altxatuz.

"Egia esan mundua nahiko gaizki banatua dago. Erromatarrak iritsi zirenetik, geroz ta gaizkigo bizi gera." besteak.

Auskalo zer gertatuko den oiasoaldean. Lan baldintza duinen alde badirudi nahiko ahots altxatzen direla, baina asko bakartuta sentitzen dira, izan ere erromatarrek pentsamoldeak kontrolatzeko era asko dauzkate, batezere erlijioak ematen dien kontrol erritual guztiarengatik.

Jarraituko dugu oiasotik berri ematen. Oiaso askatu!!!

2008/10/01

ZURA Kontzertuak 2008 alaitasuna tour


Urria-octubre
10 ostirala- Karma taberna Hondarribi
11 larunbata- Akelarre Txantrea
18 larunbata- Iurrita Oiartzun (+ gora japon)

Azaroa-noviembre
8 larunbata - Gaztetxe Beasain
14 ostirala - plateruena Durango (+ petti)
27 osteguna - UPNA nafarroako unibertsitatea - 7:30

Abendua-diciembre
ZURA + SABINA LEONE BIRA

12 ostirala- Psilocybe aretoa Hondarribi
13 larunbata- Putzuzulo amets fabrika -Zarautz
18 osteguna- Bonberenea Tolosa
20 larunbata- L´Mono artista kolektiboaren aretoa Bilbo