2010/03/04

Remix kultura - Berria-n argitaratua

Ez dakit badakizuen baina Berria-n idazten ari naiz hilabetean behin. 3. astean izan ohi da.

Hona hemen idatzi dudan bigarrena.

REMIX KULTURA

“Remix kultura” mundu mailako kultur panoraman indartzen ari den kultura aske, partekatu eta unibertsalaren etiketa edo abizena izan liteke, Lawrence Lessig pentsalariari jarraitzen badiogu. Hau da: kulturak libre behar du izan, denona, eta artistek eskura izan behar dute edozein artelan hartu eta hori eratortzeko, aldatzeko, berrinterpretatzeko eskubidea.

Ez bakarrik hori. Kultura librea bada, sortzaileei ezezik kontsumitzaileei ere libre zabaldu behar zaie kultura. Beste eztabaida bat da, eta behar beharrezkoa gainera, nola artista edo sortzaileak jaso dezakeen atzera jendartearen errekonozimendua, lan-saria, bere lanaren bueltako balioa.

Remixaren kultura honetan saltsan dabiltzan disko-jartzaileetaz ari nintzen aurrekoan, eta Euskal Herrira etorrita, gure ondare musikala zabala dela esan beharra dago. Lehengaia ez da falta, beraz. Badaude trikitixa grabazioak 1930. urtetik aurrera, eta zer esanik ez 1960tik aurrera, diskoak eta soinua grabatzea orokortu zirenean.

Halabaina, disko-jartzailearen kulturak bide labur xamarra egin du gurean. Hori bai: noizbait sortu beharko da belaunaldi bat gure soinu-ondarea erremixatuz euskal musika berria sortuko duena.

Ez gara zerotik hasten: Negu Gorriak, Javi Pez edo Selektah Kolektiboa-k sanplerraren, looparen eta nahasketaren kultura abiatu zuten gurean, eta gaur egunera etorrita, Basanabasa, Bad Sound System edota dj Makala oso gauza interesgarriak egiten ari dira bide honetatik.

Sekulako zirrara eragiten dit niri, adibidez, Telesforo Monzon-en hitzak Bad Sound System-en kantu batean aurkitzea, edo Maurixiaren irrintziak Basanabasa-ren erremixetan. Makala ere antzeko bideetatik dabil: gurea den tradizio musikala beste tradizioekin nahastu, birpentsatu, berregin.

Baina, orduan zer? Identitateen uholdean galdu? Simulakroaren gizartean barreiatu?
Ur-jasa globalean ito? Bakoitzak bere hautua egingo du, baina nik sortzaile gisa argi daukat euskara dela nire espazio-untzia sortzerako orduan. Izan ere, herri batek beretik emanaz soilik egiten dio benetazko ekarpena kultura globalari.