2008/11/20

Veleiako idazkunen inguruan, Berria-ko analisia


Hizkuntzalarien alde

Analisia

ALBERTO BARANDIARAN

Veleiako txostenaren ondorioak zein izango diren igartzeko goizegi da oraindik, baina garbi dago euskal hizkuntzalariak lasai egon daitezkeela. Haiek izan dira zalantzak publikoki agertzera ausartu diren bakarrak. Ez arkeologoak, ez epigrafistak, ez historialariak: Joaquin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra izan dira zuhurtasun kritikoa irmoen erakutsi dutenak. Hainbeste aitortu behar zaie.

Ez da erraza izan. Henrike Knorrek euskarazko hitzen benekotasuna defenditu zuen hasieran. Euskaltzainburuordea ez zen edonor, eta behin eta berriro mintzatu zen esaldi eta hitz multzo horien balioaz. Gorrotxategik eta Lakarrak lehen dudak agertu zituztenean, batzuek Knorren alde egin, eta EHUko fakultatea paratu zuten jomugan. Ez zen adituen arteko eztabaida, noski, zaletuen arteko kalaka baizik. Baina hotsak Interneteko foroetan, iritzi artikuluetan, elkarrizketetan zabaldu ziren. Aspaldiko usteak eta teoriak moldatu nahi ez izana leporatu zieten katedradunei. Hau da, erosotasuna.

Neurri batean, sinistu nahi zutenen eta frogatu nahi zutenen arteko borroka izan da. Eta, borroka horretan, zorroztasunaren alde egin dute EHUko irakasleek. Ez bakarrik haiek, noski, baina haiek batez ere. Eta Eliseo Gilen taldeko arkeologoek Europa osoko hainbat laborategitan egindako frogak erakutsi zituztenean ere, ez zuten amore eman. «Ia ezinezkoa da», zioten. Eta Arabako Diputazioak batzordea osatzea erabaki zuenean, han izan ziren hirurak: Knorr, Gorrotxategi eta Lakarra. Knorr aurtengo udaberrian hil zen, baina azken unean atzera egin eta, neurri batean, arrazoia eman zien beste bi hizkuntzalariei.

Orain, ekaitza dator. Euskal Herriko historia ezagutzeko indusketarik garrantzitsuena zipriztinduta dago, eta ardurak argitu beharko dira, eta neurriak hartu. Izango dira marroa euskararen aurka egiteko erabiliko dutenak, baina hizkuntzalariak lasai egon daitezke. Haien eginbeharra, hots zorroztasun kritikoa muturreraino eramatea, ondo bete dute. Zorionez.


NIRE IRITZIA

Pena haundia sortzen dit hasteko ika-mika guztiak. Harrigarria da horrelako gauzak gertatzea! Esan beharra dago alde batetik
publikoak orokorrean tantaka jaso dugula ikerketaren berri, eztabaidaren muinera iristeko datu eta aukera haundirik gabe. Bestetik, jakintsuei euren lana egiten utzi behar zaie. Arraroa da benetan horrelako gauzak gertatzea, gainera ez da lehen aldia. Aurreko batean, labar pinturak izan ziren falsifikatuak izan zirenak. Hortaz, erabateko errespetua hizkuntzalarien lan onari, ta bestetik duda, zein arrayo hasi da indusketa horietan eskua sartzen???

IDATZI-ONDOTIK: duda-mudak